Gaur Urretxun hainbat eragilek eta udal ordezkariek herriko jaietako egitaraua aurkeztu dute. Elkarte ugariko ordezkariek parte hartu dute ekitaldian, horien artean Mairi elkarteko Mari Carmen Viedmak, Iparragirre Balerdi musika tailerreko Iñaki Osinaldek, Goierri elkarteko Sergio Gonzalez de Galdeanok, txistulari taldeko Ander Lasak, Goierri abesba-tzako Lucia Alvarezek, Oier Fernandez karroza egileak, Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteko Izaskun Arrutik eta bola eta toka taldeko Ino Ugarteburuk eta Jose Antonio Calvok, Maialen Fidalgo zinegotziak eta Jon Luqui alkateak.

Antolaketa

Luquik jaien antolaketan eragile askok parte hartu dutela esan du. Herritarrak jaiak “bakean eta lasaitasunean” gozatzera deitu zituen.

Jaiak ostiralean hasiko dira. 18.00etan erraldoiek kontzentrazioak egingo dituzte Mundo Mejor, San Martin eta Pagoetan eta txokolate jana egingo dute. 19.00etan erraldoiek, buruhandiek eta txarangak kalejira egingo dute. 19.30ean bandak alaituko ditu herriko kaleak. 20.30ean San Martin auzoko bizilagunek pregoia irakurriko dute. 22.30ean hip-hop jaialdia hasiko da. K1ZA, El Limite eta Moisés no duermek abestuko dute.

Larunbatean, 9.30ean, abelgorrien erakusketa eta lehiaketa egingo dute. Sariak 12.30ean banatuko dira. 12.00etan bertsolariek abestuko dute eta haurrak ponien gainean ibiliko dira. 13.00etan eta 18.00etan idi proba saioak izango dira. 13.15ean Tio Teronen Semeak dantza taldeak Haurreskolari ikuskizuna egingo du.

16.00etan xake txapelketa jokatuko da eta gastronomia lehiaketa hasiko da, 18.00etan haurrentzako sukaldaritza ikastaroa izango da, 19.30ean txistularien alardea hasiko da eta 23.00etan Zatekeen eta Bulego taldeek kontzertua egingo dute. Igandeko eta asteleheneko ekitaldien berri, igandeko egunkarian.