Elizaldek ikuspegi feministatik garatzeko parte-hartze prozesua jarriko du martxan
Oiartzungo Udalak asteazken honetan eta irailaren 23an oinarrizko bi formakuntza saio burutuko ditu herritarrekin
Elizaldeko kaleak eta plazak ikuspegi feministatik garatzeko prozesu parte-hartzailea jarriko du martxan Oiartzungo Udalak. Irailean, bi formakuntza saio izango dira, lehenengoa azteazken honetan, eta partaidetza bilerak urriarako prestatu dituzte.
Udaletik aditzera eman dutenez, “hirigintza gai arrotza dela jakitun, diagnosi eta ekarpen fasea egin aurretik, hirigintza feminista zer den lantzeko oinarrizko bi formakuntza saio antolatu dira”. Asteazken honetan eta irailaren 23an egingo dituzte, 18.30ean, udaletxeko areto nagusian. Ongizate indibiduala eta kolektiboa, irisgarritasuna, mugikortasuna, zaintza, kontziliazioa eta erasoekiko segurtasuna hirigintzan nola txertatu izango dira aztertuko dituzten gaietako batzuk.
Genero ikuspegia
Honenbestez, herriko espazioen eta eraikin publikoen azterketa genero ikuspegitik egiteko tresnak eskuratuta, urrian parte-hartze saioak egingo dituzte, Oiartzungo eta bereziki Elizalde auzoko diagnostikoa egin eta proposamenak landuko dituzte.
Udaletik azpimarratu dutenez, prozesuak ez ditu hirigintzan “adituak” behar, baizik eta Oiartzunen bizitzen “arituak” diren emakume eta gizonekin egin nahi du bidea.
Udalak azaldu duenez, oraingoa momentu egokia da azterketa hau egiteko: “Tolarieta eta hilerri arteko lurretan hurrengo urteetan garatuko den etxebizitza berrien antolaketa egiten hasi berri da Udala eta unea ezin hobea da genero ikuspegia eta hiri inklusiboa bultzatzeko baldintzak jarri eta Elizalde orokorrean hobetuko duen eredua sortzeko”.
Ikuspegi eteronormatiboak
Gogora ekarri dutenez, “historia hurbilari erreparatuta, hiriak eta herriak ikuspegi maskulino eta heteronormatibo batetik diseinatu izan dira, nahiz egunerokoan, plazak eta kaleak emakumezkoek gehiago okupatzen dituzten komertzio txikira joanda edo zaintza zereginetan”. Orain arte, hirigintza ereduak ez ditu emakumeen eta kolektibo zaurgarrien premiak erdigunean jarri izan.
Horregatik, Udalak Oiartzungo gune nagusia den Elizalde hainbat ardatzen arabera aztertu eta proposamenak egiteko prozesua martxan jartzea erabaki du, hirigintzan eta diseinuan hartzen diren erabakiek guztiei eragiten dietelako.