Síguenos en redes sociales:

Gipuzkoako Foru Aldundia

Zarauzko saihesbide berriaren proiektua, aurrera

Azpiegitura hori funtsezkoa izango da Zarauzko erdigunea zeharkatzen duen N-634 errepideko zirkulazioa arintzeko eta 2024. urtea amaitu baino lehen aterako da lizitaziora

Zarauzko saihesbide berriaren proiektua, aurreraN.G.

Agerikoa da Gipuzkoako Foru AldundiakZarauzko saihesbide berriaeraikitzeko proiektuarekin duen konpromisoa, izan ere, 2024a amaitu baino lehen lizitaziora aterako duela iragarri baitu Zarautzen egindako Gobernu Kontseilu ibiltarian.

Saihesbide berria funtsezkoa izango da Zarauzko erdigunea zeharkatzen duen N-634 errepideko zirkulazioa arintzeko. Bide berriak kilometro eta erdiko luzera izango du, eta AP-8ko irteerako biribilgunea Frantsesbideko bidegurutzearekin lotuko du, Abendañon; era berean, Frantsesbidea kaleko sarbidearekin bat egingo du. Azpiegiturak bi errei izango ditu, bat zirkulazioaren noranzko bakoitzerako. 1.560 metroko luzera guztira, Asti biribilgunetik (AP-8ko irteera) Frantsesbidea kalearekin lotu arte. Tarte hori “T” formako elkargunean amaituko da. Gainera, Astiko biribilgunea eraldatu egingo da, eta forma eliptikoa izango du, bide-adar berrira behar bezala egokitzeko.

"N-634 errepideak udalerriaren erdigunea zeharkatzen du. Saihesbide berriari esker, ibilgailuen fluxua udalerriaren bizitzarekin eta ongizatearekin orekatu ahal izango da, eta industrialdeetarako sarbideak ere berrantolatuko ditu”

Eider Mendoza . Gipuzkoako diputatu nagusia

Hori horrela, bide-adar hori Bidegiko instalazioen atzetik igaroko da, eta zirkulaziorako bi noranzko izango ditu; autobidearen azpitik pasako da, Sarobeaundira iritsi arte. Bertan, hiru irteerako biribilgune berri bat eraikiko da, Buztinzuriko biribilguneraino luzatuko dena. Azkenik, bide-adarretako batek saihesbidea Buztinzuriko Zarauzko hirigunearekin lotuko du, autobidearen azpiko pasabidearen bidez.

Segurtasuna eta ongizatea

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak Zarautzerako eta eskualderako hain beharrezkoa den proiektu hau gauzatzeko “konpromisoa” agertu du, zarauztar guztien “segurtasunaren, erosotasunaren eta ongizatearen mesederako” izango dena. “Gaur egun, N-634 errepideak udalerriaren erdigunea zeharkatzen du, horrek dakarren trafiko-karga guztiarekin. Saihesbide berriari esker, ibilgailuen fluxua udalerriaren bizitzarekin eta ongizatearekin orekatu ahal izango da, eta industrialdeetarako sarbideak ere berrantolatuko ditu”, adierazi du. Hori dela eta, azpimarratu du proiektu hau “funtsezkoa” dela lurraldearen orekarako, Gipuzkoako errepide-sareko zenbait puntutan, auzo, udalerri eta komunikaziorako bideen artean “lotura” gisa jarduten baitute. 

Lankidetza estua, Aldundia eta Udalaren artean

Jendaurreko erakustaldiaren fasea osatu ondoren, proiektuak beharrezko urratsak eta izapideak gainditzen jarraitzen du Zarauzko Udala eta Foru Aldundiaren arteko lankidetza estuari esker. Ildo horretatik, Mendozak azpimarratu du foru erakundea eta Zarauzko Udala “lankidetza estuan” ari direla. Bilera horiek, Kontseilu Ibiltariarekin batera, lankidetza hori “gehiago estutzeko” aukera ematen die bi administrazioei. “Gipuzkoak, bere osotasunean, erronka garrantzitsuak ditu, eta aurrera egiten du bere ekonomiaren eta gizarte-babeseko sistemaren eraldaketan, etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatzeko. Horretarako, funtsezkoa da erakundeen, gizarte-erakundeen, enpresen eta entitate ekonomikoen arteko lankidetza”. 

Bestalde, Xabier Txurruka Zarauzko alkateak eskerrak eman dizkio Eider Mendoza diputatu nagusiari “izandako gertutasunagatik eta Zarautzerako interes orokorreko gaiak ezagu-tzeko duen interesagatik”. 

Akordioa Aldundiaren Gobernu Kontseilu ibiltariaren barruan hartu da. Ekimena Leintz Gatzagan, Zestoan, Zumarragan eta Deban egin da. Saio hauetan, foru gobernuaren proiektu, esleipen eta bestelako gaiei buruzko erabaki garrantzitsuak hartzen dira.

Halaber, nabarmendu ditu “sintonia ona eta Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko elkarlana, gure herrirako eta Urola-Kosta eskualderako proiektu estrategiko garrantzitsuak lantzen jarraitzeko”. Gainera, Txurrukak adierazi duenez, industrialdera zuzenean sartzeko saihesbidearen proiektua bideratuta dago, eta behin bide-zati berria gauzatuta, “gure herriko barne-trafikoa asko hobetuko da, autobidearen hegoaldera eramango baitu oraindik Aritzbatalde zeharkatzen duen trafiko astuna”.

14,5 milioiko inbertsioa

Era berean, Zarauzko herria, Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko akordioei esker izaten ari den eraldaketa nabarmendu da. Hobekuntza horien artean dago AP-8an, Bilborako norabidean, kilometro bat baino gehiagoan pantaila akustikoak jarri izana; edo, Itxasmendi auzo azpiko pasabidea birgaitzea, ordainlekuaren aurretik autobidean errei gehigarri bat gehitzea ahalbidetu duena.

Akordio horien bidez eta saihesbide berria eraikitzearekin batera, Foru Aldundiak 14,5 milioi euroko inbertsioa egiteko konpromisoa hartu du, Zarauzko hegoaldeko mugikortasuna eta zarauztarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzeko.

Erabaki garrantzitsuak

Akordioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gobernu Kontseilu ibiltariaren barruan hartu da. Ekimena apirilean hasi zen eta dagoeneko Leintz Gatzagan, Zestoan, Zumarragan eta Deban egin da. Astearte goizetan izaten diren saio hauetan, foru gobernuaren proiektu, esleipen eta bestelako gaiei buruzko erabaki garrantzitsuak hartzen dira.