Zumarraga eta Urretxuk euskarazko ekintzen eskaintza aurkeztu dute
Ekimen horien berri emateko Aroz Aro katalogoa sortu dute bi udalek
Aroz Aroz katalogo berria plazaratu dute Urretxuko eta Zumarragako udalek. Katalogoan, euskarazko ekintzen berri emango dute. Aurtengo udazkenari dagokion katalogoa pasa den asteartean Areizaga-Kalebarren plazan aurkeztu zuten.
Ekitaldian Alex Gonzalez Urretxuko Euskara zinegotziak, Josu Idigoras Zumarragako Euskara zinegotziak, Sara Bidarte Urretxuko teknikariak eta Aitor Lizarazu Zumarragako teknikariak parte hartu zuten.
Aurtengo Azaroaren 9an eta 10ean Kantari karaoke ikuskizuna egingo dute. Karaokean LH2tik LH6ra arteko ikasleek parte hartuko dute eta grabatu egingo da. Ikastetxeetan eman behar da izena, hilaren 23a baino lehen.
Euskararen Kriseilua ekimenari dagokionez, euskarak etxean duen tokiari buruz hausnartzea da helburua. LH1eko ikasleek garatuko dute, beraien etxeetan, ikastetxeen bidez.
Bi ikastaro ere antolatu dira. Horiek DBHko ikasleentzat izango dira: batean hiri futurista bat eraikiko dute ordenagailu zaharrei tripak aterata eta bestean podcastak sortzen ikasiko dute. Lehenengoa urrian izango da eta bigarrena, abenduan.
Gainera, azaroaren 7an Josebe Blancok eta Leire Milikuak Emakumeak landa eremuan hitzaldi literarioa egingo dute eta azaroaren 30ean Mintzodromoa egingo da.
Bukatzeko, lau antzerki saio antolatu dira: Kanpora sartzen (urriaren 4an, Zelai Arizti aretoan) eta Kortxoaren dilema (abenduaren 5ean, Zelai Arizti aretoan) helduentzat eta Atearen bestaldean (urriaren 20an, Labeaga aretoan) eta Jon beldurgabea (abenduak 15an, Labeaga aretoan) haurrentzat.