Debagoienean ere itsasoa hasten delako lelopean, erreka auzolanean garbitzeko deia egin dute eskualdeko herri guztietan. Hitzordua urriaren 19an izango da, Antzuolan izan ezik; azken herri honetan zazpi egun lehenago elkartuko dira, hau da, urriaren 12an. “Ekimenak bailara ikuspegia izateaz gain, Deba erreka eta hori elikatzen duten erreka txikiagoen ezagutza eta naturarekin dugun harremanaren sendotzea ditu xede nagusiak: soilik ezagutzen dena zaintzen delako. Horrez gain, errekaren bueltan elkartu eta herrikideen arteko ezagutza eta harremanen sendotzean ekarpena egiteko bokazioa ere badu Debagoienean Errekak Bizi Auzolanean egitasmoak”, azaldu dute antolatzaileek.
Debagoienean gero eta errotuago dagoen ekintza da hau. Izan ere, aurten Antzuolako herritarren parte-hartzearekin bailarako herri guztiak batuko dira lehendabizikoz auzolan dinamikara.
Erreka garbiketan izena emateko epea zabalik dago kaleratu duten karteleko QR kodearen bidez, edo labur.eus loturan sartuta. Gainera, herri bakoitzak bere jarduerak antolatuko ditu helburu pedagogiko batekin.