Hernaniko Jabetze Eskolak udazkenean, urritik abendura, emakumeentzako hamaika ikastaro antolatu ditu Kulturarteko Plaza Feministan. 

Jabetze Eskolan denetariko eskaintza izango da: Gozatzen abestu, batukada feminista, munduko emakumeen literatura, twerk ikastaroa, adinekoentzako gorputza dantzan, Abentura gaitezen elkarrekin (izen-ematea irailaren 13a arte), boxeo ikastaroa, adimen emozional feminista, kartel feministak egiteko tailerra, Zeure barrura begiratu eta hartu arnasa eta Lo que quede liburuaren aurkezpena eta solasaldia Irantzu Varelarekin. Ikastaro gehienak euskaraz izango dira, baina horietako lau gazteleraz emango dira.

Haurren zaintza zerbitzua eska-tzeko aukera ere egongo da ikasturte honetan. Izena ematerakoan egin behar da eskaera.

Izena emateko epea aste honetan hasi da eta irailaren 20a arte izango dute emakumeek horretarako aukera. Ohi bezala, bi modu egongo dira matrikulazioa egiteko: online, www.henani.eus/eu/emakumeentzako-jabetze-eskola helbidean edo aurrez aurre, Kulturarteko Plaza Feministan (Florida, 28). 

Jabetze Eskolen ikasturteari hasiera emateko asmoz, aurten ere Leokako labaderoan kultur ekitaldia izango da. Oraingo honetan, Danele Sarriugarteren eta Miren Narbazairen eskutik Poperra, afterra, utopia emanaldiaz gozatzeko aukera izango da, dohainik.

Irailaren 20an (ostirala) izango da emanaldia. Egun horretan euria egingo balu, astebete atzeratuko li-tzateke emanaldia. 

Azkenik, Jabetze Eskolaz gain, udazken honetan beste ikastaro bat ere izango da Kulturarteko Plaza Feministan, literaturarekin lotura estua izango duena. Iratxe Retolazak (euskaraz) eta Maider Kery Avaristok (gazteleraz) hiru saiotan Maitasunaren kapital feministaz gogoeta eta hausnarketa egitera gonbidatuko dute. 

Tailer honetan parte hartzeko izen-ematea irailaren 29a arte izango da. Matrikula online egiteko orrialde hau erabili beharko da: https://www.hernani.eus/eu/tailerrak-eta-ikastaroak.

Arduradunek gogorazi dutenez, Hernaniko Jabetze Eskola hausnarketarako eta formakuntzarako topagunea da: “Emakumeok gure eskubideen jabe egiteko, gure bizitzetan autonomia eta konfiantza izateko eta beste emakumeekin sarea sor-tzeko espazioa da”.