Astigarraga – Laugarrenez, Astigarragako Udalak, herriko eragile batzuen laguntzarekin, Emakumeak eta Kirola kanpaina jarri du martxan. Jakina den moduan, helburu nagusia emakumeen kirola sustatzea da, genero horretako kirolari eta kirolariei ikusgarritasuna emanez.
Aurten kanpaina luzeagoa izango da. Aurreko urteetan, irailean antolatu izan bada ere, aurten irailetik azarora bitartean egingo da. Hilabete hauetan hainbat jarduera mota eskainiko dira: emakumeentzako kirol jarduerak, solasaldiak, tailerrak, ikastaroak, emakumezkoen kirol txapelketak eta jaialdiak. Ekimenaren baitan eskainiko diren jarduera guztiak, bi izan ezik, doakoak izango dira.
Publiko ezberdinari zuzendutako jarduerak burutuko dira. Herritar orori zuzendutakoak nesken pilota jaialdia, Urumea bailarako nesken lagunarteko eskubaloi txapelketa, 3. mailako emakumezkoen futbola, eta ligako 2. jardunaldia izango dira.
Gainera, nerebeek emakume esgrimalarien bisita izango dute gaztelekuan.
Emakumeei soilik zuzendutako jarduerak ere badaude: Menopausia garaian kirolaren onurak eta mugak hitzaldia Sara Majarenas Ibarretarekin (Emakumeon Etxean), piragua irteera Olatz Alkorta Agirregabiriarekin, pala ikastaroa Irati Saralegi Fernandezekin, judoaren oinarrizko ezagupenen tailerra, xake ikastaroa hastapenak Araceli Lozano Miguelezekin, Funcional-Hybrid Training saioa eta Patri Espinar Labianek gidatutako bi ikastaro, eskalada eta mendi orientazioari buruzkoak.
Jardueren artean, urriaren 3an egingo den amatasuna eta ariketa fisikoa kontziliatzeari buruzko mahai-ingurua nabarmendu dute. Solasaldia 18.00etan izango da, Emakumeon Etxean. Bertan, herriko ama batzuek parte hartuko dute.