Usurbil – Abuztuaren hasieran martxan jarri ziren Usurbilgo Kalezarko autobus geltoki berriak eta igogailuak. Modu horretan, aurrerantzean, N634 errepideko oina, Egurtzegi zaintzadun etxebizitzen auzunea eta Kalezar auzoa modu irisgarrian lotuko dira.
Orain arte, Kalezarrek bazituen garraio publikoarentzako geralekuak N634 errepidean, baina ez ziren irisgarriak. Geltoki berriak metro batzuetara eraiki dituzte, auzunearen oinean bertan egon daitezen, bien arteko 22 metroko desnibela gaindituko duten bi igogailuekin eta eskailerekin batera. Geltoki zaharrek eta berriek, dena den, elkarri lotuta jarraituko dute, segurtasunagatik. Zebra bide berria margotu dute, eta semaforoak eskaripekoak dira: botoiari emanda aktibatzen dira.
Obren kostua 1,6 milioi eurotik gorakoa izan da. Udalak 480.000 euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuen, Egurtzegiri ez ezik Kalezarri eta Ugartondori egiten dien onuragatik, hiru urtetan banatuta, azken urtea 2024a izanik.
Aurrekontuaren gainerakoa Matiaren ardura izan da, baita sor daitezkeen ezustekoak finantzatzea ere. Europako funtsetatik 700.000 euroko laguntza jaso zuten iaz, eta proiektua gauzatzeko bultzada garrantzitsua izan zen.
Igogailuen zein geltokien manten-tze lanak Udalaren gain geldituko dira orain.