Aurten ere, argi geratu da Irungo Euskal Jirak hiri oso bat duela atzean. Ospakizun horren 44. edizioak kaleak bete ditu, bai jiraren barruan, bai inguruetan.
Desfilea
Indartsu abiatu zen festa ostiralean, Irungo Atsegiñaren erraldoien desfilearekin. Arratsalde osoan, jendez lepo egon zen Urdanibia plaza, kantu-jira, haurrentzako jolas eta puzgarriak eta Burrunba Elektrotxarangaren kontzertuari esker.
Larunbat honetan ez da ezberdina izan. Izan ere, eguneko ekitaldi gehienak Urdanibia plazan egin dituzte, eta hura ere jendez lepo egon da: artisau-lanen eta bertako jakien salmenta, bertsolari, dantzari eta musikarien emanaldiak, bertso-triki-poteoa, etabar.
Arratsaldean, hiriko beste eremu batzuetara zabaldu da giroa, 18.00etan Mendelutik abiatu baita Euskal Jira, Hondarribia kalea, Kolon pasealekua, Genaro Etxeandia plaza, Foru kalea, kale Nagusia, San Juan plaza eta San Martzial aldapa zeharkatuta, Urdanibia plazaraino. Bederatzi gurdiak parte hartu dute aurten: Euskal Jira, Hendaia, Irungo Euskal Kirolak, Behobia, Meaka, Kemen, Santiago, Landetxa eta Foro XXI.
Txistulariak
Euskal Jira Urdanibiara iritsi denean, Irungo eta Hondarribiko txistulariek Irun Hiria Musika Bandarekin batera emanaldi bat eskaini dute, Agur Jaunak eta Gernikako Arbola jo zituztelarik. Ondoren, Dantza Jira erromeria izan da Kemen dantza taldearen eskutik, eta, eguna amaitzeko, Bide Batez taldeak dantzaldia eskaini dute.
Euskal Jira festa oraindik ez da amaitu, gaur 11.30ean Gipuzkoako Herri kiroleteko Pentatloi txapelketa egingo baita Urdanibia plazan. Gauzak horrela, Euskal Jiran bildutako dirua ona izatea espero daiteke, irundar askok hainbeste maite duten festa honen ospakizuna berriro arriskuan egon ez dadin, aurten gertatu zen bezala.