Burdina taldeak ipinitako meatzarien omenezko eskultura ofizialki inauguratuko dute ostiral honetan, abuztuaren 2an. Plazaolako bide berdearen hasieran kokatu da, Urigain etxearen ondoan. 12.00etan hasiko den ekitaldira udal ordezkariak gonbidatu dituzte eta dantzariak, txistulariak, bertsolariak eta txalapartariak izango dira.
Memoria historikoa
Andoaingo memoria historikoa berreskuratzeaz arduratzen den taldea, herriko pasarte historiko hau hobeto ezagutzeko, Joxe Ramon Berrondo Historia irakaslearekin harremanetan jarri ziren liburuxka bat idazteko. Argitaratzeko ere Udalaren laguntza izan dute.
Berrondok idazlanaren hasieran ziurtatzen duenez, “Andoain herriaren sorrera eta hedapena nekez uler daiteke burni meatzaritzarekin lotu gabe”. Izan ere, historiaurretik ustiatu izan dira Leitzaran haraneko meatze-arroak.
Burdin aroa
Burdin Arotik burdin-harria ateratzen zen eta ondoren haraneko haizeolatan lantzen zuten, erromatarrak Euskal Herrira iritsi baino lehenago. Aldiz, Erdi Aroan meatzari-tzak zuen garrantziaz jabetzeaz zaila da, dokumentu urriak daudelako garai horretakoak. “Baina XIV. mendean badaude aztarnak Leitzaran haranean burdin-olak bertako materialekin lan egiten zutenekoa”, azaltzen du Berrondok.
Andoain Leitzaran haraneko mutur batean kokatzen da eta hemen ere meategiak ustiatu izan dira inguruko herrien antzera. Dauden datuen arabera, Andoaingo meategi gehienetan burdin-harria ustiatzen zen eta bakar batzuetatik galena ateratzen zen.
Historialariak ere 1868. urteko Meategien Legeaz mintzatzen da. Dokumentu hau argitaratu zenetik, Leitzaran haranean 30 bat ustiaketa-kontzesio eman ziren. Titulu horrek minerala ustiatzeko baimena ematen zuen. “Datu horrek jarduerak gure herrian zuen garran-tziaz jabetu arazten gaitu”, dio liburuxkako egileak.
Burdin metalikoa
Honela, meatzeek burdinolen garapena ekarri zuten, non burdin-harria burdin metalikoa bihurtzen zuten, ondoren landu ahal izateko. Hortaz, burdinolak mendeetan zonaldeko industria garrantzitsua izan ziren. Leitzaran ibaiak eta bere errekek elikatu zituzten ola gehienak.
Ondorioz, Berrondok aipatzen duenez, garapen honekin batera garraio sarea sortu zen, meategietatik burdinoletaraino. Hasiera batean, mando eta idi taldeez tiratutako gurdiez baliatzen ziren. Ondoren, 1905 urtetik aurrera, minerala garraiatzeko trena iritsi zen. 1914ean bidaiarientzako zerbitzua eskaintzen hasi zen.
Tomas Aldunzin andoaindarrak trena ezagutu zuen. Trena gaur egungo bide berdetik nola igarotzen zen eta zubi bat zegoela, gaur egun desagertua, gogoan ditu. Behin bidaiari bezala Leitzara joatea tokatu zitzaion, baina merkantzietan gehiagotan ibili zen. “Nire aita Berastegikoa zen eta mendin borda handi eta on bat zuen. Andoainera etorri zenean konturatu zen hango egurrak hobeagoak zirela hemengoak baino etxeko teilaturako. Menditik Ollokira jaisten zituzten gero trenean ekartzeko”, gogora ekarri du.
50eko hamarkada
Hori 50eko hamarkadan izan zen. Azkenean, errepide eta kotxeen erabileraren gorakadarengatik eta trenbidea mantentzeko zailtasunekin, 1958ko irailak 5ean betirako itxi zen.
Burdina taldearen ekintzak ez dira hemen geldituko. Andoainen ere aingurak lantzen ziren eta ontziraleku txiki bat zegoela jakina da herritar batzuentzat. Dagoeneko Aingurasutegi kalearen ondoan ipini dute aingura bat Gordailutik lortu dutena eta irailaren bukaeran aurkeztuko dute.