Abuztuaren 2tik 5era ospatuko dira Oiartzungo Xanisteban jaiak eta bost egun horietako egitaraua prestatzea lau hilabeteko lana izan da Jai Batzordearentzat. Gustu guztietarako ekintzak antolatuko dira han. 

“Oiartzungo eragile eta elkarte desberdinetako lagunak, adin eta interes desberdinekoak, ezinbestekoak dira guztiak elkarrekin jai herrikoi, parekide eta euskaldunak antolatzeko lanean”, adierazi zuen Joana Mendiburu alkateak festen aurkezpenean. 

Hortaz, haien lana eskertu eta omentzeko, elkarte hauek denak gonbidatu ditu Udalak abuztuaren 2ko soka-dantzara. “Herriko kaleak kolorez bete eta gustu guztietarako ekintzak antolatzen lanean ibili direnek guztion esker ona merezi dute. Horregatik, aurten, zapi urdina soinean jarri eta udaleko ordezkariek soka-dantzara aterako ditugu, guztiok batera xanistebanei hasiera ezin hobea emateko”, esan zuen alkateak.

Dantza bukatuta, Artaso elkarteak piztuko du festei hasiera emateko txupina. 50. urteurrena du aurten, eta ibilbide luze honetan Karrikako zein herriko jai eta deialdiak antolatzeko egindako lana eskertu nahi izan dute xanistebanetako Jai Batzordeko kideek.

Aurkezpenean aditzera eman zutenez, festa abuztuaren 2an lehertuko den arren, egun batzuk lehenago hasiko da jai giroa.

Izan ere, uztailaren 31ko goizean, 10.30ean, haurren esku pilota txapelketa herrikoiaren finalak jokatuko dituzte Kontzejupean. Abuztuaren 1ean eskuzko pasaka txapelketa herrikoaren finala egingo dute, leku berean, 18.30ean.

Kultur ekitaldiak ere uztailaren 31n hasiko dira. Harri Beltza elkarteak antolatuta, Landarbasoko Dizdizka abesbatzaren kontzertua izango da Done Eztebe elizan, 19.30ean. Bestalde, Gazte Sortzaileen eskutik Zorioneko antzezlana ikusteko aukera izango da Landetxen, 17.00etan eta 22.00etan.

Ohi bezala, abuztuaren 1ean egingo dute xanistebanak iragartzeko kultur ekitaldia. 18.00etan izango da, Arizmendieneako lorategian. Oiartzun 2024 urtekariaren aurkezpena egin eta Xanistebanak 2024 kartel lehiaketako sariak banatzeaz gain, herriko erraldoiak dantzatzeko ardura eta konpromisoa izan duen herritar taldea omenduko du Udalak, urtez urte herriko kulturgintzari egindako ekarpen esanguratsuagatik.

Guztiontzat seguruak

Jaiak guztiontzat gozagarriak izateko, berdintasunean eta indarkeria matxistarik gabeko xanistebanak eraikitzeko, iaz martxan jarritako arreta eta informazio zerbitzua indartuko da festetan. Izan ere, ordutegi zabalagoa izango du aurten, prebentzioa landu eta kasurik egongo balitz biktimei behar duten laguntza guztia emateko.

Gauetan ez ezik, egunez ere eskainiko du informazioa eta laguntza. Ia 24 orduz egongo da zabalik arreta gunea. Tokia ere aldatu dute eta Fermiñene eraikinean egongo da aurten, plaza erdian, zerbitzuari zentralitatea emateko.

Bi zerbitzu emango dira bertan. Batetik, informazio orokorra feminismoari buruz, LGTBIQ+ eskubideen inguruan, sexualitateaz, autodefentsa feministaz… Bestetik herritar guztiei informazioa eskainiko zaie, horretarako esku orri eta baliabide ezberdinak izango dituzte banatzeko. Hau da, edozein zalantza dutenei argibideak eman, erasotuak entzun, babestu eta dituzten beharren arabera gomendioak eta orientazioa eskainiko dituzte Fermiñenen.

Indarkeria matxistetan eta feminismoan adituak diren emakumezko profesionalek emango dute zerbitzua, guztiz konfidentziala izango da eta uneoro errespetatuko da erasotuaren borondatea.

Bestalde, gaueko Xorrola zerbitzu berezia eskainiko du aurten ere Udalak, ibilgailu gutxiago erabili, alkohola kontsumitu dutenek autoa ez hartu eta etxera bidean denon segurtasuna hobetzeko.

Musika kontzertuak, 107 gazteren esku

  • Bozketa. Xanistebanetan entzungo den musika aukeratzeko prozesu parte-hartzaile bat egin da 10 eta 25 urte arteko gazteekin. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 10 abesti proposatzeko aukera izan du, horietako zortzi, gutxienez, euskaraz. Zerrenda luzea eta aberatsa osatu dute: 104 talde edo bakarlariren 397 kanta ezberdin. 107 gaztek parte hartu dute eta parte-hartzaile guztien artean hiru bozgorailu eramangarri eta barraketarako hiru fitxa sorta zozkatu dituzte. Abuztuaren 2an egingo dute sari banaketa, 16.30ean, barraketan, Beheko plazako labaderoaren ondoan.
  • Bi zerrenda. Kanta guztiekin, Spotify plataformako Oiartzun musika euskaraz kontuan bi zerrenda egin dituzte: “Udako musika EGUNEZ 2024” eta “Udako musika GAUEZ 2024”. Xanisteban festetako barraketan entzungo den musika izango da. Zilibito Records talde oiartzuarraren abesti bat, Malibu, izan da botoetan garaile. 

270 herritarrek erabili zuten iaz gaueko Xorrola etxera itzultzeko, eta abuztuaren 3tik 7ra zortzi auzoak lotuko ditu autobusak orduro, 00.00etatik 6.00etara. Biblioteka ondoko autobus geltokitik atera eta herriko plazatik urrutien dauden auzoetara joango da lehenbizi.

Eguneko Xorrolak ere ordutegi zabalagoa izango du xanistebanetan. 7.10ean egingo du lehen itzulia eta 22.40an azkena (Arraguako ordutegia). Taxibus zerbitzua zabalduko da eta egunero egongo da, ohiko ordutegian. Hau da, asteburuan ere zerbitzuak astean zehar izaten duen ordutegia izango du.

Festengatik herriguneko zenbait kaletan trafikoa moztuta egongo denez, geltokietan ere aldaketak egongo dira. Xanistebanetan ohikoak diren moldaketak egingo dituzte: Manuel Lekuona etorbideko (anbulatorioa) eta Yon Oñatibiako geltokiak, Rafael Pikabea eta Landetxera (aparkaleku sarrera parera) pasako dira.

Azkenik, Madalensoro inguruan jarriko dituzten komunak izango dira aurtengo xanistebanetako beste berrikuntza bat. Jende asko ibiltzen da gauetan txosnetan, eta komunen erabilera erraztu nahi izan du Udalak, festa espazio eroso eta garbia eskainiz eta kaleak txukun mantentzeko. Ohikoak diren komun eramangarriez gain, sei banakako komun, hiru gernu-zutabe eta hiru konketa gehiago ipiniko dira. Papera eta xaboia izango dute eta langile batek gainbegiratuko du garbiketa eta erabilera egokia.