Ostiralean Astigarragako egun handia ospatzen da, alegia Santa Ana eguna. Festaz gozatzeko baserriko eta artisau produktuen azoka eta sagardo dastaketa izango dira Foru plazan. Santa Ana eguneko ospakizuna Goldea eta Zipotza elkarteek eta Sagardoetxeak antolatzen dute elkarrekin eta bere helburua euskal kultura eta usadioak indartzea da.

Egitaraua kalejirarekin hasten da

Honenbetez, ostiraleko egitaraua 9.30ean hasiko da Zubietako joaldunen kalejirarekin. 10.00etan Alabier eta Laja trikitilariak ere Astigarrako kaleak eta txokoak alaituko dituzte.

Ondoren, 11.30ean, hasiko da baserregintzako artisauen azoka eta sagardo dastaketa. Foru plaza herritarrez gainezka izaten da eguerdi parte honetan.

12.00etan idi dema hasiko da probalekuan. Pagadizabal, Soarte eta Lopategi baserrietako idi pareak neurtuko dituzte indarrak 2.000 kiloko harriarekin. Ordu berean, Aitor Mendiluze eta Unai Agirreren bertsoak zuzenean entzuteko aukera izango da Foru plazan ere bai.

Herri kirolen jaialdia

Ekitaldiek atsedena hartuko dute bazkal ordutik 18.00ak arte. Ordu horretan Foru plazan, herri kirolen jaialdia hasiko da. Goldea elkarteak antolatuta, aizkolarien eta harrijasotzaileen erakustaldia izango da eta Astigarragako eta Lezoko bi gazte koadrillen arteko giza desafioa burutuko da.

19.30ean hegaluzea eta Gernikako piperrak parrillan erreta dastatzeko aukera izango da Joseba Barandiaran plazan, Eusko Labeli esker.

Esku pilota

Amaitzeko 21.15ean Txomiñenea pilotalekuan profesionalen mailako esku pilota jaialdia izango da. Bi partida ikusteko aukera izango da: lehenengoa, Zubizarreta III-Lizeaga eta Alberdi II-Morgaetxebarria eta bigarrena, Caixabank Master torneoko partida, Jaka-Martija eta Artola-Rezusta.

Mundarro elkarteak antolatu du eta lehenengo aldia izango da Caixabank Master torneoko partida bat herrian jokatzen dela. Gainera, Ekain Lizeaga ere arituko da.