Herrietan dauden pankartek, ia beti, gairen bat gaitzesteko edo protesta deialdiren bat iragartzeko balio izaten dute. Orion, orain arte, pankarta bat jarri nahi zuen agente edo pertsona oriotarrak eskaera bat egin behar zion Orioko Udalari, eta, lehen pauso hori eman ondoren, baimena eman arte itxaron behar zuen. "Egia esan, askotan pankartak berehala jartzen dira, gertatu den zerbaiti erantzuteko", diote Orioko Udaletik.

"Izapidea bizkortzea"

Balizko arazo horren jakitun, Udalak "izapidea arintzea" erabaki du. Gauzak horrela, hemendik aurrera, operadoreek edo partikularrek pankarta zuzenean jarri ahal izango dute. Hala, ez dute aldez aurretik baimenik eskatu beharrik izango, baina, hori bai, ondoren Udalari jakinarazi beharko diote. Horretarako, Udalak oriotarren eskura jarri du pankarta berria jarri dela jakinarazteko formularioa.

Inprimakia eskuragarri dago www.labur.eus/OriokoPankartak helbidean. Inprimakian jarri behar da nork jarri duen eta noren izenean, NAN, helbidea, posta-kodea eta posta elektronikoa. Halaber, jakinarazi behar da pankarta idatzita duen eslogana zein den, noiztik noiz arte egongo den jarrita eta zein gunetan jarri den.

Bi eremu eta baldintzak

Udalak jakinarazi du Orioko herrian pankartak jartzeko bi gune daudela. Hauek dira biribilguneko baranda (tren geltokiaren ondoan) eta zubiaren beheko pasabidearen gaineko baranda.

Pankartak aipatutako lekuetan jarri ahal izateko, baldintza hauek bete behar dituzte (lehen aipatutako formularioan ere aurki daitezke).

Bridaz lotuak

Pankartak bridaz lotuta egon beharko dira. Arriskuak eta eragozpenak saihesteko, pankartak oso ondo lotuta egon behar dira, haizearekin askatu ezin daitezen. Pankartak pinturari eta egiturari kalterik egin gabe jarri beharko dira, erretiratzean jarri aurretik zegoen bezala egon dadin. Pankarta kentzea, formularioan jarritako data igaro ondoren edo hamar egun igaro ondoren, txostengilearen ardura izango da, eta eremua ordenatuta mantendu beharko du, lehen zegoen bezala. Azkenik, ez dute mezu iraingarririk onartuko.