Santiago eguneko goizak marmitako usaina izango du Gernikako Arbolan. Izan ere, Zumardikoak Hondarribia elkarteak II. Marmitako Txapelketa antolatu du, euskal kultura gastronomikoaren balioa azpimarratzeko nahian.

Eguraldiak horretarako aukera ematen badu, txapelketa Gernikako Arbolako lorategietan izango da. Eguraldi txarra egingo balu, berriz, Soroetako pilotalekuan egingo da. Lehiaketa goizeko hamarretan hasiko da, eta parte hartzen dutenek bi ordu izango dituzte kazolak presta-tzeko. Horretarako, antolakuntzak hegaluzea banatuko du, baina parte-hartzaileek gainerako osagaiak eta marmitakoa prestatzeko behar dituzten elementuak eraman beharko dituzte, hala nola, suak, mahaia, kazolak, etabar. Bestalde, gaurkoa izango da izena emateko azken eguna, 621 151 627 telefonoaren bidez.

Marmitako Txapelketaren bigarren edizio honek hainbat nobedade izango ditu. Egun horretan bildutako diru guztia Gipuzkoako Elikagaien Bankuari emango zaio. “Aurten txapelketari beste zentzu bat bilatu nahi izan diogu. Alde batetik, gure kultura gastronomikoa sustatu nahi dugu, kilometro zeroko produktuekin; baina, bestetik, elkarte baten alde egiteko aukera genuela ikusi genuen, eta horretarako Gipuzkoako Elikagaien Bankuko ordezkariekin harremanetan jarri ginen. Hasieratik baietz esan zuten”, azaldu du antolakuntzak.

Gauzak horrela, ostegunean hainbat barra jarriko dira pintxo-pote bat eskaintzeko eta marmitakoa eramateko errazioak salduko dira. Hau da bigarren nobedadea: Zumardikoak elkarteko kideek marmitako kazola handi bat prestatuko dute, jendeak marmitakoa etxera eraman dezan. Horrekin lortzen den diru guztia Gipuzkoako Elikagaien Bankuari emango zaio. Zentzu horretan, Juanjo Amunarriz elkarte horren idazkariak Zumardikoak Hondarribiak egindako keinua eskertu zuen Txapelketaren aurkezpenean. “Ekimen hauek gure elkartea ezagutzera emateko eta Gipuzkoako familia askoren beharrak ikusarazteko aukera ematen digute”, adierazi zuen. Gainera, Amunarrizek Santiago egunean jendea Gernikako Arbolara hurbiltzera gonbidatu zuen: “Giro polita sortuko da eta familia askori laguntzeko aukera izango dute”.

Lehiaketari dagokionez, epaimahaiako kideek prestatutako platerak baloratu eta marmitako kazola onenaren sukaldaria garaikurra eta txapelarekin sarituko dute. Epaimahaia Hilario Martinezek (arrantzale erretiratua), Mertxe Larrartek (urtetan Arrantzaleen Ermandadean sukaldaria izandakoa), Olga eta Ines Kanpandegi saregileek eta Amaia Urdangarin Badia jatetxeko sukaldariak osatuko dute.

Bestalde, txapelketaren bigarren edizio honek laguntzaileen babes handia izan duenez, askotariko sariak eskainiko zaizkie parte har-tzen dutenei. Izan ere, hogei markak baino gehiagok erantzun diote Zumardikoak Hondarribiak ekitaldi honetan parte hartzeko egindako eskaerari, eta elkartetik oso esker oneko daude jasotako babesagatik.