Hernaniko Udaleko Kultura, Jarduera Fisikoa eta Kirola eta Haur, Nerabe eta Gazteria sailek elkarlanean Uda Parkean egitasmoa antolatu dute beste urte batez. Aurtengo edizioa uztailaren 25etik 27ra izango da Ave Maria parkean.
Ekitaldiak dohainik
Guztira hamar ekitaldi antolatu dituzte eta denak dohainik izango dira. Adin tarte guztientzako moduko egitaraua da aurtengoan ere osatu dena: haurrek, familiek eta helduek gozatzeko modukoa.
Agurtzane Aizpuruk, Kultura teknikariak, asetazken honetako aurkezpenean “zirkuko bi emanaldiak” aipatu ditu aurtengo nobedadeen artean. Horrez gain, jolasak, antzerkia, dantza eta musika emanaldiak izango dira.
Aldapeko Latin Jazzen kontzertua ere izango da. “Sanjoanetako preludioan oholtza gainean ikusi genuen Hernaniko taldea pare bat kanturekin. Oraingoan, saio osoa eskainiko dute”, adierazi zuten. Aniztasunak ere izango du tokia Uda Parkean-en. Honela, Donostiako Verdini dantza taldeak itxiko du aurtengo egitaraua.
Aitor Huizi Kultura zinegotziak Uda Parkean jaialdi “berezia” dela aitortu du: “Ikasturtean zehar kultur programazio handia izaten da Hernanin, baina udan gutxitu egin izan da, uste izaten dugulako herritarrez hustutzen dela Hernani”. “Baina hori ez da horrela: hernaniar asko geratzen dira udan herrian eta horientzako programazio interesgarria sortu nahi izan dugu. Bide batez, horrela kultur programazioa urte osora zabaltzea lortzen dugu”, gaineratu du.
Horrez, gain, Huizik “Ave Maria bezalako espazio natural bat kultur plaza” bihurtzearen garrantzia azpimarratu du. “Uda kulturaz aire librean gozatzeko garai aproposa da. Gainera, herrigunean ditugun natur guneak aprobetxatuz egiten badugu, oraindik hobeto”.
Uda Parkean Hernaniko jaialdirik gazteenetako bat da, publiko guztien gozamenerako sortua, eta hernaniarrei eta bisitariei eskaintza kultural desberdina eskaintzea du helburu. Pandemia garaian jaio zen, herritarrek bidaiatu ezin zutenean, eta urte hauetan izan duen harrera ona ikusita urteko egutegi kulturalean mantentzea erabaki dute.
Lasarte-Oria
Bestalde, Lasarte-Orian ostegun honetan Udako Zinema zikloaren baitan, Udalak, Okendo Zinema taldearekin elkarlanean, 22.00etan Okendo plazan, Indiana Jones y el día del destino filma proiektatuko du gazteleraz.