Garai batean Zumarragak hiru tren geltoki izan zituen, horrek aberstasun handia ekarri zuen herrira. Auzoari dolarraren auzoa deitzen zitzaion eta festak eta guzti zituen. Dolarrak gastatu ondoren, geltokia zutik mantentzen da eta festek bizirik diraute. Gaur arratsaldean hasiko dira.
Hasteko, 17.30ean ur pistola guda egingo dute Pagoetako bidegurutzean eta txokolate jana Akelarre elkartean. 18.00etan dultzaineroak eta buruhandiak kalera aterako dira. 18.30ean partxis txapelketa jokatuko dute Txindokiko plazan eta 19.00etan trikipoteoa hasiko da.
21.30ean bertso afaria egingo dute Pagoeta kulturgunean. Ane Beloki, Aratz Igartzabal eta Mikel Etxezarretak abestuko dute. 23.00etan Txalainak taldeak joko du Txindokiko plazan. Hertzainak taldearen kantak jo-tzen ditu. 1.00etan Sakatu elektrotxarangak auzoko kaleak alaituko ditu eta 3.30ean Dj Tintz-ekin dantza egingo dute Txindokiko plazan.
Biharko ere ekitaldi asko antolatu dituzte. Egun osoan zehar puzgarriak egongo dira geltokiko plazan. 12.00etan toka txapelketa jokatuko dute Domingo de Mendiaraz plazan. Ordu berean, olinpiada hasiko da Txindokiko plazan. 13.00etan, Zumarragako musika bandak auzoko kaleetan joko du. Eguerdiko ekitaldiekin bukatzeko, 14.30ean paella dastaketa izango da Domingo Mendiaraz plazan.
Arratsaldeari dagokionez, 16.00etan mus txapelketa jokatuko dute ikastolan. Izena bertan eman behar da, 15.00etatik aurrera. 16.00etan bingoan jokatuko dute Domingo Mendiaraz plazan eta 16.30ean olinpiaden bigarren saioa hasiko da. 19.00etatik aurrera, Matraka elektrotxarangak auzoko kaleetan joko du. 23.00etatik aurrera ere musikaz gozatzeko aukera izango da: Fitoren abestiak jotzen dituen Wilson&Wilsonetes taldeak eta Zatekeen erromeria taldeak joko dute eta, ondoren, bertaratuek Dj Murirekin dantza egingo dute.
Festak igandean bukatuko dira. 10.30ean txistulariek joko dute eta 13.00etan patata tortilla lehiaketa hasiko da. Txindokiko plazan egingo dute. Sariak 14.00etan banatuko dira. Bukatzeko, 19.00etan Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak auzoko kaleak alaituko ditu. Igandean ere puzgarriak izango dira geltokiko plazan.