Usurbilgo Udalak Jose Luis Zumetaren Usurbilgo lehoia obra erosi du, 18.000 euroan, eta Potxoeneko Urdintxo gelan jarri berri du. Gela horretan bazegoen beste artelan bat lehendik, Alejandro Tapiaren Txokoalde, gauez izenekoa. Zumeta Arte Estudioaren aholkuei eutsita, haren lekua hartu du, orain, Usurbilgo lehoiak, eta aretoaren atzeko horman jarri dute Tapiarena. “Arreta handiagoa dei-tzen du orain, eskaileretatik igo ahala lehen begi kolpean ikusten baita”, adierazi dute Udaletik.

1985

Erositako obra 1985 urtekoa da, Papiroen bildumakoa, uhin-kartoia eta tenpera erabilita egindakoa. Zumetaren Usurbilgo muralaren 50. urteurreneko egitaraua amaituta eskuratu du obra Udalak.

Aldi berean, artistaren bi kartel eman dizkio, dohaintzan, Zumeta Arte Estudioak Udalari. Hirurak Zumetaren Usurbil erakusketan ikusteko aukera izan zen joan den apirilean.

Zumeta batik bat abstrakziorako joeragatik zen ezaguna, baina figurazioan ere hainbatetan ibili zen bere ibilbide artistiko osoan. Esaterako, 1970eko hamarkadaren amaieran, hogei urtez jorratutako abstrakzioa alde batera utzi eta errealismoan eta figurazioan murgildu zen.

Zumetaren murala Usurbilen

Zumeta Arte Estudioak azaldu duenez: “1980ko hamarkadaren krisiaren testuinguruan, bai garaiko ekonomiari zegokionez, eta baita pertsonalki ere, 1984 eta 1985 urteetan uhin-kartoia eta tenpera aukeratuko ditu bere unibertsoa adierazteko”. “Aurreko esperientzietan ezohiko materialak erabilitakoa zen Zumeta, baina 1984 eta 1985 urteetan egin zuen uhin-kartoiaren ezaugarriak ahal bezainbeste probesteko hautua”, gaineratu du.

70 artelanetatik gora

Urte oparoak izan ziren horiek Zumetarentzat sorkuntzari dagokionez, eta 70 artelanetik gora sortu zituen Papiroak izenpean. Bilduma horretakoa da Usurbilgo lehoia.

Udaletik aditzera eman dutenez, artelanak berak udal arte bilduma osatzeko interes artistiko berezkoa du. Horrez gain, Usurbili erreferen-tzia zuzena egiten dionez, herriarentzako interesgarri izan daitekeela iritzi dute bi aldeek. Artelana marko batekin babestuta dago kontserbazio lanak errazteko.

Arestian aipatu bezala, Zumeta Arte Estudioak Zumetaren bi kartel eman dizkio, dohaintzan, Udalari. Batek Santixabel festetako bertso saio bat iragartzen du, eta bestea, berriz, Usurbil herri izendatu zuteneko 600. urteurrenaren harira egindakoa da.