Pasai Antxoko San Fermin jaiak eguzkitsu hasi ziren ostegunean omenaldiak eta txupinazoa botatzeko. Ostiralean ere eguraldia lagun izan zuten antolatutako ekitaldiek. Alabaina, atzo, Euskal Jaiaren egunean, euria protagonista izan zen goiz eta arratsaldez. Hortaz, herritarrak aterpeetaz baliatu ziren ekitaldiez gozatu ahal izateko.
13.00etan erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena ibili ziren eta aurten lau erraldoi eta buruhandi berri bat izan ziren haur eta familien gozamenerako. Asko izan ziren erratzaren kolpeak jaso zituztenak. Helduek berreskuratu berri den Gure Zumardiko aterpeetaz baliatu ziren Nafarroako jotak plazako oholtza nagusian entzuteko.
Bazkal ostean, zirku tailerra Topagunean eta mus txapelketa Hogei tabernan programatuta zeuden. Arratsaldean danborradak eta bertsolariak nagusi izan ziren eta 20.30ean Salbea izan zen San Fermin elizan. Gaur San Fermin eguna izanik, Meza Nagusia izango da San Fermin elizan eta 14.30ean Saltseroen bazkaria burutuko da.
Arratsaldean haur danborrada herriko kaleetan barrena ibiliko da, erraldoi eta buruhandiekin batera. Ondoren, merienda izango dute. 18.00etan, Basari elkartearen eskutik herri kirolak izango dira Gure Zumardian eta hauek amaitzean, toki berean, muxikoak dantzatuko dituzte. Gainera, Modestorekin dantzaldia egongo da Papinen.
Jaiak bihar amaituko dira. Egunean zehar haurrentzako eta adinekoentzako ekitaldi ugari izango dira.
Gauean, zezen-suzkoaren ondoren, 00.00etan, Pobre de mí abestuko dute datorren urtera arte sanferminak agurtzeko.