Usurbilgo haur eskola zerbitzuaren esleipena aztertu zuten azkeneko osoko bilkuran. Udarregi ikastolari esleitzea onartu zuten lizitazio prozesuan aurkeztu zen hautagai bakarra izan zelako.

Gaur egun ere Udarregik eskaintzen du zerbitzua eta Usurbilgo ikastolak bere gain hartzen du herriko zero eta hamasei urte arteko hezkuntza.

Udaletik gogorazi zutenez, haur eskolaren zerbitzua esleitzeko espedientea abiatzeari apirileko bilkuran eman zioten onespena. Maiatzaren 23ra arte zegoen proposamenak jasotzeko epea, eta lizitatzaile bakarra aurkeztu zen: Udarregi ikastola.

Hortaz, ekaineko osoko bilkuran, zerbitzu horri esleitzea onartu zuten, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin eta EAJren abstentzioarekin. Azken talde honek azaldu zuenez, abstenitu egin ziren “beste eredu bat” defendatzen dutelako: “Zerbitzua oso ona izango den zalantzarik ez dugu, baina uste dugu flexibleagoa izan beharko litzatekeela, kontziliazioa errazteko”.

Horrez gain, zerbitzuaren doakotasuna defendatu zuten: “Partzuergora jo nahi ez bada, Udalak ordainduz osorik gurasoen kuotak”.

Kontratuan hezitzaileen gehienezko prezioa 32 euro/orduko da, BEZ salbuetsita. Era berean, 2024ko aurrekontuan, kontratua burutzeko 181.000 euroko gastua xedatzea onartu zuten.

Bestalde, haur eskolako erabiltzaileei dagozkien eskubide eta betebeharren ordenantzari aurkeztutako alegazioak erantzun eta behin betiko onarpena eman zioten bilkura berdinean. Zazpi alegazio jaso zituen ordenantzak jendaurreko epean eta lau onartu dira.