Jai batzordeko kideek ekintza anitzez beteriko egitaraua aurkeztu zuten madalen jaietarako ostiral arratsaldean. Errenteriarren festa handiak uztailaren 21etik 25era ospatuko dira. “Egitarau zabala dugu oraingo honetan ere, ahaleginak batuz elkarlanean jardutearen emaitza argia; herritarron eta jai batzordeko kideon identitate pluralaren isla dena; eta, era berean, komunitate sendo eta bateratu baten izaerari erantzuten diona”, adierazi zuten.

Hamaika ikuskizun errenteriar guztientzat

Horiek horrela, 130 ekintzatik gora antolatu dituzte: erakusketak, antzerkia, kirol jarduerak, danborradak, dantza, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak… Horietatik guztietatik 65 inguru izango dira musika emanaldiak, publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta. Adibidez, ondorengo taldeak izango dira Zumardiko eszenatoki nagusian: 21ean 1.00etan Delirium Tremens, 22an 1.00etan Leize, 23an 00.00etan Oihan Vega eta 24an 00.30ean La Perra Blanco.

Gainera, txupinazoa bizitzeko aukera ezberdinak izango dira: mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa, Zumardiko pantaila erraldoia, eta nola ez, txupinazoaren jaurtiketa zuzenean. Uztailaren 21a, 19.00etan, Herriko plaza adin guztietako lagunen topagune izatea lortu nahi dute. Era berean, etxetik edo beste edozein lekutik txupinazoaren jaurtiketa streaming bidez ikusteko aukera izango da Herri Bizia webgunean.

“Hala, denek izango dugu aukera, gauden lekuan gaudela, guretzat horren berezia den momentuaz gozatzeko”, adierazi zuten. Eta ezin ahaztu momentu garrantzitsu honen aurretik, elkarlanaren lehenengo topagunea den Herri Bazkaria 14.00etan Herriko plazan egingo dela.

Zapiak salgai

Jai batzordeak jakitera eman zuenez, madalenetako zapiak salgai daude sei eurotan, ondorengo establezimenduetan: Erdialdea, Hostoak, Mª Asun Lentzeria, Paris Mertzeria eta Rosmy; Lartzabal, Lartzabal Taberna; Gabierrota, Zubia Kafetegia; Fanderia, Fanderia Gozo-denda; Agustinak, Uriña; Kaputxinoak, Geza eta Gazia Gozo-denda eta Sorgintxulo Estankoa; Beraun, Koro Oinetakoak; Pontika, Eder Gozo-denda; Galtzaraborda, Parke Gozo-denda; Iztieta, Almacenes Iztiet eta Casamayor eta Olibet, Lekuona Fabrikako Kantina.