Oiartzunek aste honetako udalbatzarrean onartu du aho batez Mugikortasun Plana. Helburua kotxearen lehentasuna gutxitu eta mugikortasun jasangarriago eta osasuntsuago baten alde egitea da. Hortaz, planak norabide horretan datozen bost urteetan Udaletik bultzatuko diren mugikortasun politikak eta hartuko diren neurri berriak jasotzen ditu.

Azaldu zutenez, planak ez du inolaz ere aurreikusten TAO/OTA jartzea, bai ordea bizikleten erabilera sustatzea eta garraio publikoa indartzea, besteak beste.

2022an herriko mugikortasunaren inguruan egin zen diagnosia izan dute oinarri, eta bertan ateratako ondorioen baitan zehaztu dituzte erronka eta ekintza berriak. Herritarrekin eta eragileekin egindako saio ezberdinetan jasotako proposamenekin borobildu dute.

Ardatz estrategikoak

Bost ardatz estrategikotan banatu dituzte datozen bost urteetan gauzatu nahi dituzten ekintzak. Oiartzungo ardatz aktiboak izeneko puntuan, Elizalden oinezko guneak zabaltzea; Arditurriko bidegorria eta Karrikara doana Altzibarren lotzea; Rafael Pikabea kalea birpentsatzea; Makutso bidea eta Ozentzio kalea oinezkoago egitea; Karrikan koexistentzia gunea sortzea; bidegorrira sarrera berriak egokitzea; eta bizikletentzat aparkaleku gehiago aton-tzea jasotzen dira, besteak beste.

Garraio publikoari dagokionez, Arraguako plataforma intermodala bultzatzea; Arraguako errepidean autobusek erabiltzeko erraila egitea; Xorrola elektriko berria erostea; taxibusa Mugi sisteman integratzea eta ibilgailuak partekatzeko aukerak sustatzea proposatzen dira.

Oiartzungo Udala Aitziber Muga

Hirugarren ardatz bat kotxearen zentraltasuna eraldatzea da. Horretarako, errepideak eta kaleak diseinatzerakoan oinezkoei lehentasuna eman behar zaie.

Lanera joateko ere mugikortasun jasangarria ezarri nahi dute eta puntu honetan bidegorri sarea lantokietara luzatzea, erosketak egitera bizikletan joateko neurriak martxan jartzea eta poligonoetako langileekin mugikortasun jasangarriaren inguruko lanketa egitea aurreikusten da.

Azkenik, hirigintza garapenak aurreikusterakoan mugikortasun jasangarria kontutan izatea arlo guztietan planteatzen dute.