Txupinazoa nork bota erabakitzeko 25 proposamen jaso ostean, erabakia hartuta dago dagoeneko. Adineko emakume zaintzaileek botako dute ostiralean Usurbilgo Santixabel jaiei hasiera emateko txupinazoa.
Aurkezpena
Festetako aurkezpenean gogora ekarri zutenez, proposamenak helarazteko deialdia egin zenean, Usurbilgo zaintza ekosistemaren barruko komunitate lantaldekoek deialdi publiko bat egin zuten txupinazoa adineko emakume zaintzaileei eskaintzea bultzatzeko, eta deialdiak harrera ona izan du herritarren aldetik. Komunitate lantaldekoek, modu horretara, emakume horiei eta egin duten lanari ikusgarritasuna eta merezitako garrantzia eta aitortza ematea izan dute helburu.
Gainera, komunitate lantaldeak jai batzordean parte hartu du festen antolaketan. Espresuki adinekoengan pentsatuz antolatutako ekitaldiez gain, erraztasunak ematen saiatu dira haiek ere festez gozatzeko aukera izan dezaten eta festen parte senti daitezen. Hala, iaz bezala, festetako bertso saioa 19.00etan egingo da eta ez gauean. Txutxu trenaren tarte bat espresuki gordeko da Eguneko Zentroko eta Eguneko Arretako erabiltzaileentzako.
600 urte
Azkenik, ostegunean Sutegiko auditoriumean Usurbilgo irudi zaharrekin egindako film bat botako da, 48 minutukoa, 1371-1971. Usurbil villa bezala izaten hasi zenetik 600 urte izenburua duena. Bitan botako dute.
Egitaraua
Festek uztailaren 2ra arte iraungo dute. Ostiraleko txupinazoaren ostean herri kalejira egingo dute, buruhandi eta erraldoiek lagunduta. Ostiralean bertan, gainera, festa giroa goizean goizetik sumatuko da, egun horretan irtengo baitira oilasko biltzaileak.
Musika kontzertuei dagokienez, estilo desberdineko hainbat talde arituko dira, frontoian zein txosnetan: Laket, Neallta Fola, Ithaka, Pisso&OPH Itzal, Ameba, Dupla, Tapia eta Leturia edo Puro Relajo, besteak beste. Txarangak eta elektrotxarangak ere izango dira, herrian sortu berri den Fanfarrikant Brass Band-ez gain.
Udalbatzak, ohi bezala, soka dan-tza egingo du Santixabel egunean, eta aurtengo gonbidatuaren berri eman zuten: Usurbilgo jatorri aniztasunari ikusgarritasuna emateko asmoz, udal Gobernuak azken urteetan Usurbilera bizitzera etorritako herritarrak eta HarEman programako parte hartzaileak gonbidatu ditu sokara, eta baiezkoa eman diote gonbidapenari. Salda eta lore banaketa ere izango da ondoren.