UEMAko, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko, kide den aldetik, Hondarribia 2024 urtearekin batera hasi da egitasmo ezberdinak aurrera eramaten. Erakundearen ildo estrategikoekin bat eginez, sei hilabete hauetan martxan jarritako ekintza batzuk udalerrian euskarak dituen hutsuneak gainditzera bideratu dira, hala nola, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina martxan jarriz, haurrak kotxean doazela dioten euskarazko pegatinak BAZ-en eskainiz, anbulatorioan eta Laboral eta Kutxako sukurtsaletan euskararen presentzia zaintzeko hitzarmenak sinatuz edota udalean euskararen erabilera guztiz normalizatu eta orokortzeko konpromezua hartuz.

Ikastaroa

Bestalde, uda honetan UEMAren eskutik udal jolaseko begiraleei ikastaro bat eskainiko zaie. Baita ere, 2024-2025 ikasturtean UEMAk herriko hiru ikastetxeetako irakasle, guraso, begirale zein ikasleekin saioak eta materiala eskainiko die, bakoitzari dagokion arloa indartuz, izan euskarari eustea, izan materiala eskainiz, izan segurtasuna landuz, euskarari prestigioa emanez, edota kontzientzia hartuz.

Eta ikastetxeetako lanketaz gain, uda honetarako ere ostalaritzan UEMAko beste 109 udalerriekin batera, Hondarribiak Bertatik Bertara kanpainan parte hartuko du.

Azkenik, orain dela egun batzuk Mendelu auzoan eta Gabarrariko biribilgunearen ondoan UEMAko seinaleak jarri dituztela “ongi ikusiak izan daitezen”. Garoa Lekuona Euskara Zinegotziak azaldu duenez, “UEMAko kide izatea, euskararen presentzia eta erabileran jauzi bat ematea esan nahi du, eta Hondarribiko Udala horretan dabil”.