Andoaingo La Salle Berrozpe Ikastetxeak Fabrikazio Adimenduneko espezializazio gradua emango du datorren ikasturtetik aurrera, Instalazioa eta Mantenimendua adarraren barruan. 

Horrenbestez, espezializazio ikastaro hori emango duen Buruntzaldeko ikastetxe bakarra izango da. Espezializazioko E gradu horrek 900 ordu iraungo du, eta goi-mailako gradu hauetako ikasketak amaitu dituzten ikasleak sartu ahal izango dira bertan: Fabrikazio Mekanikoa, Diseinua edo Elektronika, Automatizazioa eta Robotika, Mekatronika eta Sistema Elektrotekniko eta Automatizatuak.

Fabrikazio Adimenduneko espezializazio ikastaroaren bidez, ikastetxeak beste apustu bat egin nahi izan du prestakuntza eskualdeko industriaren beharretara hurbiltzeko. Izan ere, enpresa askok eskatzen dute profil hori, eta, horregatik, % 100eko enplegagarritasuna izango duela aurreikusten da.

Hauek ikasiko dituzte ikasleek, besteak beste, prestakuntza horren bidez: digitaliza daitezkeen produkzio prozesuaren etapak identifikatzen, produkzio helburuei erantzuteko; fabrikatutako produktuak egiaztatzen, sistema metrologiko aurreratuen bidez; prozesuak edo makinak egokitzen, aukeratutako teknologia aurreratuak aplikatuz eta segurtasun, eraginkortasun eta jasangarritasun-irizpideak kontuan hartuz, eta produkzioa kontrolatzeko sistema enpresaren gestio-sistema digitalekin integratzen, fidagarritasun eta segurtasun-eskakizunak aintzat hartuz.

Gradu honetako tituludunek fabrikazio digitaleko sistemetan aditu gisa eta metrologiako teknikari gisa jardun ahal izango dute, hain zuzen ere, industria-produkzioaren sektorean automatizazio-osagai handia duten eta eragiketa zein gestio-sistema digital guztiak integratzeko joera argia duten enpresa publiko zein pribatuetan. 

Irakasleak

Aitor Ibarguren Larrarte eta Asier Elejoste González izango dira gradu berri honen irakasle eta arduradunak. Beraiek diotenez, bi adar jorratuko dituzte: metrologia (neurri unitateen eta neurri patroien definizioa aztertzen ditu) eta prozesuen digitalizazioa edo biki digitalak (objektu fisiko bat zehaztasunez isla-tzeko diseinatutako modelo birtuala da).

Gradu honen beharra argi ikusten dute: “Espezializazioak orokorrean Euskal Herri mailan geroz eta indar gehiago hartzen ari dira; orain dela urte batzuk atzera joanda, guk ez genuen horrelako kurtsorik eskaintzen. Enpresa desberdinekin hitz eginda eta industria tendentziak ikusita ohartu ginen oso ondo egokitzen zitzaigula fabrikazio adimentsuko espezializazio hau”. “Gainera ohartu ginen lehen aipatutako bi adar horietan gaur egun enpresetan dituzten beharrak ez daudela asetuta, gabezi bat dago”, gaineratu dute.

Alde batetik uste dugu irteera ona izango duela eta enpresek ere eskertuko dutela formazio hau eta beste aldetik ikusten dugu Industria 4.0 deritzona ez dagoela guztiz definituta Euskal Herriko enpresen saretzean. Hortaz, horren ezagutza duten ikasleek non jokatu behar duten ikusiko dute eta etorkizunera moldatu ahalko dira”, baieztatu dute gradu honetako arduradunek.

Eskaintza urria

Gipuzkoa mailan Bergaran eta Zumarragan eskaintzen da, baina Buruntzaldean eta Donostialdea inguruan ez dago horrelako eskaintzarik, beraz La Salle Berrozpetik Fabrikazio Adimenduneko espezializazioa eskain-tzeko aukera ikusi zuten. “Gainera inguruko enpresek azpimarratzen ziguten horrelako esparruetan formakuntzarik ez zegoela”, nabarmendu dute irakasleek.

“Gradu honekin lortuko dugu ikaslea hobea izatea arlo batean. Lanbide Heziketako Ziklo batean gauza asko ikutzen dira, baina hemen fokua espezializazio bakar batean jarriko dugu. Unibertsitatean ere lizentziatura bat ikasten duzu eta gero Master bat egiten da arlo batean gehiago zentratuta. Bada, hemen berdin”, azaldu dute.

Ikasleen formazioa osatzeko garaian Ibarguren eta Elejoste irakasleen aburuz, interesgarriagoa da espezializazio bat egitea beste ziklo berri bat baino, “gainera ikaslearentzat ere erosoagoa egingo zaio bere ikasketetan arlo honetan ezagutzak jadanikeskuratu dituztelako”. “Gainera ez da urte oso bat, sei hilabetetan eskolak ematen dira, baina azkeneko hiru hilabeteak fabrika batean praktikak dira”, animatu dute.

“Hasieratik saiatzen ari garena da planteamendua oso erreala izaten. Enpresekin harremanetan ari gara bertan erabiltzen dituzten pieza batzuk eta materiala dohaintzan emateko, gero guk gauza zehatz horiek ikasteko eta gure ikasleak trebatuagoak izateko eskualdeko enpresek eskatzen duten prestakuntzarekin”, adierazi dute irakasleek

Datorren ikasturterako izen-emate epea amaituta, interes gehien erakutsi duten ikasleek La Salle bertakoak izan dira. Izan ere, gaur egun La Salle Berrozpen irakasten diren hiru ziklotatik (Mantentze Lan Elektronikoa, Fabrikazio Mekaniko Diseinua eta Produkzioaren Programazioa Fabrikazio Mekanikoan) sarbide zuzena dutelako. Unibertsitatea amaitu duen pertsona batentzat ere interesgarria izan daitekela aipatu dute. “Kanpoan gradu honen eskaintza jakitera emateko denbora asko izan ez dugun arren, orokorrean interesa piztu duela esan genezake”, azpimarratu dute.

Talde txikiak

Gehienez, ikasturtero 25 ikasle har ditzakete. Hala ere, bi irakasleen nahia talde txikiagoak izatea da, batez ere hasieran. “Bi arrazoi daude. Lehenengoa aurreneko urtea izanda, martxa hartzea errazagoa izango delako talde txikiak badira; bestalde taldea dinamikoagoa izan ahalko da eta ikasleek aukera gehiago izango dute makina ikutzeko eta horrekin trebatzeko eta arreta ere pertsonalizatuagoa izango da”, adierazi dute. “Guretzat idealena da 10 edo 12 pertsonako talde batekin hastea”, amaitu dute.