Ekitaldi berezi batekin hasiko dira aurten Pasaiako jaiak. Erraldoien Agurra ekitaldia sortu du Udalak herriko eragileekin batera. Ekimena gaur izango da Donibanen 12.45etik aurrera.

Ospakizun honek helburu bikoi-tza du. Alde batetik, Pasaiako jai guztiei hasiera emateko ekitaldia izango da eta bestetik, herriko ondarea berreskuratzeko balio izango du.

Ondare horren erakusgarri dira ere Pasaiako erraldoiak. Urteetan zehar herrian hainbat erraldoi izan diren arren (Errege eta Erregina katolikoak, Aitona eta Amona, Batelera eta Txikiteroa...), azken urteotan bi izan dira Pasaiako erraldoi nagusiak: Mikeletea eta Iñudea. Aurten, iaz aurkitu eta zaharberritu diren beste bi gehituko zaizkie: Batelera eta Arrantzalea. Gainera, azken urteotako ohiturari jarraituz, Arrantzale, Blas de Lezo eta Batelera buruhandiei laugarren buruhandi bat batuko zaie: Txupinera.

Egitaraua 12.45ean hasiko da erraldoi eta buruhandi “zaharren” desfilearekin. Bizkaia plazatik aterako dira eta Santiago plazara iritsiko dira.

13.15ean erraldoiei harrera egingo zaie udaletxe zeharrean eta bertan bi buruhandi zaharren aurkezpena burutuko da. Ondoren, txupinazoa bota eta dantza eta musika nagusituko dira.

Ekitaldi honetan barruti guztietako zenbait eragilek parte hartuko dute: Konstantzia banda, Illunbe banda, Antxoko dultzaineroak, Batelerak, Donibaneko txistulariak, Alkartasuna dantza taldea, Lintxua, Lamiak, San Pedroko txistulariak, Kantujira eta Pasaiako Erraldoien Konpartsa.

“Data garrantzitsuen aurrean gaude Pasaian, barruti guztietako jaiak gertu ditugulako. Hori kontuan izanda, ekitaldi polita prestatu dugu eta pasaitar guztiei bertaratzeko gonbita luzatu nahi diegu”, esan zuen ekitaldiaren aurkezpenean Aitor Brionek, Ondare eta Kultura zinegotziak.

Markel Oyarzabal, Pasaiako konpartsako lehendakaria, ere prentsaurrekoan izan zen. Ekitaldiaren koordinatzailea izan da bera, Udaleko Kultura Sailaren laguntzarekin. “Ekintza berezia antolatu dugu, Pasaiako barruti guztiak elkartuko dituen ekitaldia baita. Gainera, herriak lau erraldoi izatea berri pozgarria da benetan”, adierazi zuen Oyarzabalek.

Luisma Laboa kazetariak ekitaldia aurkeztuko du eta berak adierazi zuenez, “ekitaldi hau hitz batekin laburbil daiteke: “ilusioa”. Udalari erraldoi hauek berreskuratzeko egin duen lana eskertu behar zaio. Eragileok, elkarrekin, lan handia egin dugu azken hilabeteetan, eta oso albiste positiboa da hori. Ziur nago ekitaldia oso berezia izango dela”.

Aurkikuntza

Berreskurapena

Ondarea

Aitor Brionek egunkari honi azaldu zionez, 2023an Urnietako Udala Markel Oyarzabal gaztearekin, erraldoien eta buruhandien zalea eta Pasaiako konpartsako lehendakaria, harremanetan jarri zen udal biltegi batean erraldoien buruak agertu zirela esanez. Pasaiakoak zirela konturatu zen eta bere etxera eraman zituen konpontzeko. Era berean, Karmengo Amako andereño batek udaletxera deitu zuen informazio berberarekin.

“Gu agintaritzara iritsi berriak ginen eta esan ziguten Pasaian batelera eta arrantzalearen bikotea existitu zirela eta buru horiek Pasaiakoak zirela. Oso hondatuta zeuden. Badirudi Buruntzaldeko Kilometroak jaialdi batera eraman zirtuztela 2008an eta han gelditu zirela”, laburbildu zuen Ondare zinegotziak. “Markelek buruak Pasaiara ekarri zituenean berehala ezagutu nituen nik txikitan ikusitako Batelera eta Arrantzalea erraldoiak”.

Bi buruhandi berri hauekin zer egin eztabaidatu ondoren, Pasaiako erraldoi eta buruhandi guztiak zaharberritzea eta konpontzea erabaki zuten. Horretarako, Tolosako tailer batera eraman zituzten. Bestalde, Zigor Gartzia artistari eskatu zioten laugarren buruhandi berezi bat egiteko: Txupinera. Laugarren buruhandiak Antxo irudikatu du.

“Orduan Iraitz Pazos zinegotziari bururatu zitzaion herriko festa desberdinei hasiera komun bat ematea eta pentsatu genuen ideia hona zela erraldoiak aurkezteko. Festa hau baliotu dugu herriari batasun bat emateko. Eragileen aldetik harrera ona izan zuen ekimenak”, gogorazi zuen Brionek.

Gainera, lau erraldoi eta lau barruti izanda, pentsatu zuten barruti bakoitzari erraldoi bat eskaintzea. Honenbestez, Batelera Donibanekoa da; Arrantzalea San Pedrokoa; Mikeletea, Antxokoa eta Iñudea, Trintxerpekoa.

Gaur barruti bakoitzeko alkateorde bakoitzak bere erraldoiari barrutiko kolorea duen zapi bat jarriko dio: Donibane, arrosa; San Pedro, morea; Trintxerpe, urdina; eta Antxo, gorria. Iñudeak badu bere altzoan ume txiki bat eta hura Pasaia osoa eta etorkizuna irudikatuko ditu. Horregatik gaur alkateak txupete txuri bat jarriko dio.

Festa hau mantentzeko bokazioarekin jaio da eta ibiltaria izango da. Beraz, datorren urtean beste barruti batean burutuko da.