Hernaniko Musika Bandak (Hermuba), San Juan egunean, hilaren 24ean, udaletxeko arkupetan estilo anitzeko kontzertua eskainiko du. Bukaera handi eta ikusgarri bat izango du 1812 obrarekin, non kainoikadak eta elizetako kanpai hotsak irudikatuko diren. Gainera, Zipri Otxandorenari urrezko ikurra eskainiko diote 50 urte hauetan egindako lana eta izandako prestutasunarengatik. Otxandorena berak bere ibilbidearen laburpena egin du.
Nola hasi zenuen zure ibilbidea musika munduan?
Orduan ez zegoen musika jotzeko hainbeste ohitura, baina nire ama atzetik zebilen eta Academia de Músican apuntatu ninduen hamar edo hamaika urterekin. Han txistua jotzen zen batez ere, baina bakar ba-tzuk banda zuzendariak, bera irakaslea zela, bandara bideratu gintuen, baina rarito batzuk ginen. Solfeo ikasi nuen eta segituan klarinetearekin hasi nintzen eta gutxira saxofoira pasa nintzen.
Nola zen duela 50 urte musika ikastea?
Erabat desberdina zen. Areto handi bat zegoen eta bazter batean batek jotzen zuen gauza bat eta beste bazter batean beste batek desberdin bat. Orduan egunero joaten ginen Academiara. Orain astean behin joaten dira eta norberak etxean egin behar du lana.
Noiz hasi zinen bandan jotzen?
Instrumentuarekin pare bat urte neramatzanean hasi nintzen bandan. Nire lehenengo kontzertuan gogoratzen naiz sei pieza zeudela eta nik bakarra jo nuen: Rimsky Korkasoven Canción India. Orduan bandarekin pieza batzuk jotzen nituen eta besteak disimulatzen nituen. Orain oso maila altuarekin etortzen dira gazteak bandara. Asko musika irakasleak dira eta batzuk profesionalki musikara dedikatu nahi dute. Nire papera bandan saxofoi-jotzailearena da.
Baina zuzendari lanak ere bandan egin dituzu. Nola eman zenuen salto hori?
Nire aurreko zuzendariak, Manolo Sagarnak, eskatu zidan ni zuzendariorde lanak egiteko eta 2000. urtearen inguruan hasi nintzen kontzertu monotematiko batzuk zuzentzen eta Sagarnarekin batera beste pieza batzuk zuzentzen. Erabat bakarrik geratu nintzen 2005eko urtarrilean eta bandako zuzendari bezala ibili nintzen 2013ko ekainaren bitarte, sanjoanetan hurrengoari pasa niola makila.
Asteleheneko kontzertuan omenaldia egingo dizute zure ibilbide luzea goraipatzeko. Nola hartu duzu?
Ohitura bat da 25 urte edo 50 betetzen dituzunean edo bandan urte luzez egon ondoren uzten duzunean errekonozimendua egitea. Nik holakoetan ez dut oso ondo pasatzen, baina egin beharreko zerbait da eta ondo hartu dut.
Ziur aski zure ondokoak, familiak eta lagunak, ilusioz hartuko dutela ekitaldi hau.
Ezagunak enteratu direnean, nik baino garrantzia gehiago eman diote eta espantuka hasi dira. Egia esan, arraroa da gaur egun 50 urte bandan jotzen egotea, geroz eta gutxiago betetzen dituzte 50 urte bandan, oso gaztetik hasi behar delako konpromiso honekin.
50 urte beteta, bandan jarraituko duzu?
Printzipioz jarraituko dut bandan, baina asmoa daukat datorren urtean edo, nire emaztea jubilatzen denean, pixka bat uztea. Gustatuko litzaidake kontzertu batzuk jotzea, baina gaur egun daukadan konpromisorik gabe. Asmoa jarraitzea da, baina ez aktibo-aktibo bezala.
50 urte hauetan gauza asko pasako ziren. Zein izan da bandaren bilakaera?
Ni bandan hasi nintzenean, Hernanin ez zegoen ia musikorik; beno, saxofoi sokan bai, ohitura dago, aspalditik egon dira oso saxofoi-jo-tzaile onak. Saxo eskola nik beti ezagutu dut eta Hernanin saxofoi-jo-tzaile on asko daude. Hernaniko bandako musiko asko Donostiatik etortzen ziren eta gure maila eskas samarra zen orokorrean. Hori asko aldatu da, orain Hernaniko musikoek oso maila altua dute eta kanpotik etortzen direnak ere gustora etortzen dira nahiz musikalki jan-tziak egon. Baina, lehen bandan sar-tzen ginenak lotura handia geneukan, urtetan jarraitzen genuen.
Kontzertuen errepertorioan ere aldaketak egon dira.
Lehen pasadobleak, zarzuela asko eta pieza euskaldun batzuk jotzen genituen; orain errepertorioa oso zabala da eta asko aldatu da. Zuzendaritzan egon nintzen garaian saiatu ginen errepertorioa aldatzen jendea erakartzeko, zinemaldiko soinu bandak jotzen hasi ginen publikoarentzat ezagunak direlako. Gero 80 hamarkadako talde mitikoen abestiekin hasi ginen: ACDC, Deep Purple, Eric Clapton, ABBA... eta horrek jendea erakartzen zuen. Kontzertu batzuk eskaini genituen Barrikadaren kantuekin eta Piratarekin, Gatibu taldearenekin... Gure garaian saiatu ginen errepertorioa pixka bat aldatzen, baina batez ere handitzen.
Igandean Hernani sanjuanetan murgilduko da eta bandarentzat egun frenetikoak dira.
Bai, eta aurretik ere Preludioan eta Chillida-Lekuko solstizioan jo dugu. Sanjuanetan ere gauza asko aldatu dira eta aldaketa politak izan dira. Adibidez, San Joan eguneko dianan lehen lau katu joaten ziren eta orain gazteek diote ekitaldi “mitiko” batean bihurtu dela. Amaitzean ardo gozoa eta pastak ateratzen dira eta polita izaten da.