Jaiak “denontzako gozagarriak eta seguruak” izateko martxan jarriko duten eraso sexisten eta arrazisten kontrako protokoloa aurkeztu zuten atzo Hernaniko Udalak, mugimendu feministak, AMHER-SOS Arrazakeriak, herriko tabernariek eta sanjoanetako Txosna Batzordeak. Izan ere, erasoen prebentzioan eta erantzunean “denok konpromisoak hartzea” ezinbestekoa dela argi dute.

Gainera, aurten erasoen preben-tzio eta erantzunerako hainbat baliabide eta zerbitzu jarriko dituzte. Adibidez, Indarkeria Sexistarik Gabeko Informazio Gunea ipiniko da Ezkiaga pasealekuan bi egunetan, ekainaren 23an eta 25ean, 18.00etatik 22.00etara. Gune horren helburua da herritarrak indarkeria sexistaren gaiaz kontzientziatzea; arreta telefonoaren berri ematea eta, oro har, informazioa ematea.

Erasoen arretarako telefono espezifiko bat (688 685 164) ere jarriko da martxan jaiak irauten duten egunetarako. 24 orduz emango du zerbitzua, ekainaren 22ko 18.00etatik ekainaren 28ko 8.00ak arte. Emagin elkartekoek kudeatuko dute telefonoa. Helburua da gertatzen diren erasoak jasotzea eta laguntza telefonikoa eskaintzea eta behar den kasuetan arreta ematea erasotuari. “Hori ikuspegi feministaz egitea garrantzitsua da; alegia, ikuspegi ahalduntzailea izatea, ez berbiktimizatzailea”, esan zuten.

Era berean, mugimendu feministak brigada informatiboa antolatu du ekainaren 22 eta 25erako. Tabernetatik erronda egingo dute, erasoen inguruan jarduteko protokoloaren berri emateko.