0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat lokal estali bat eskatu du Urretxu eta Zumarragako guraso talde batek. Haurrek lurrean jolastu beharra dutela eta parkeetan ez dela horretarako baldintza egokirik ematen uste dute. Hala, bi udalekin harremanetan jarri da.

Ane Korkostegi, Leire Lanberri eta Amaia Tornerrek hitz egin dute, talde osoaren izenean. “Ohikoa da haurrak karrotxotik atera gabe ordu luzez ikustea, besoetan edo motxiletan, gure herrietan ez dugulako beste alternatibarik beraiei eskaintzeko. Ezin ditugu haurrak lurrean utzi, ez dagoelako euren beharretara egokituta”.

Haurrek lurrean jolastea funtsezko-tzat jotzen dute. “Haur txikiek beraien garapen prozesuan dituzten beharrak asetzeko, lurrean jolastu behar dute. Mugimendu askea behar dute, esploratu, manipulatu, katamarka ibili… Horretarako espazio egokitu bat behar dute. Oztopo eta arriskurik gabekoa. Tenperatura eta garbitasuna mantenduko duena”, aipatu dute.

Herri askotan horrelako lokalak dituzte. Beraiek Bergarako Txiki Txoko ezagutzen dute ondoen. Urretxun eta Zumarragan horrelako lokal bat lortzeko lanean hasi dira. Guraso taldean irakasleak, hezitzaileak… daude. Inkesta bat egin dute eta Urretxu eta Zumarragako 363 familiak lokal baten beharra ikusten dute.

Udalekin harremanetan jarri dira. “Bi udalak interesatuta azaldu dira. Urretxun, Aspaceko lokala libre geldituko denez, espazio hori seguru aski 0 eta 6 urte bitarteko haurrei bideratuko dietela esan digute. Baina hori 2025ean izango da. Guretzat urruti dago. Zumarragan lokal bat adostu dugu asteburuetarako: jubilatuen etxeko goiko solairukoa”.

Kudeaketa ez dute lotu oraindik. “Kudeaketa udalen esku egotea nahi dugu. Zerbitzu publikoa izatea. Hau ez da guraso talde jakin batentzako lokala. Lokala ezin dugu guk kudeatu: nor sartu eta nor ez, atea nork ireki… Udalak arduradun bat jarri beharko luke, ostiral arratsaldetik igande arratsaldera. Bera arduratuko litzateke irekitzeaz eta ixteaz, materiala zaintzeaz eta garbiketaz. Ordizian jubilatuen etxea erabiltzen dute, begirale batekin eta ordutegi batekin. Haurren ardura gurasoena da, noski. Haur guztiak beraien gurasoekin egoten dira. Begiralea lokalaz arduratzen da, ez haurrez. Zumarragako lokala proba bezala erabili daiteke, Urretxukoa ireki arte. Udazkenean irekitzea gustatuko litzaiguke. Lokala egokia da: leiho batzuk estaltzea eta jolasteko materiala bakarrik falta da”. l