Nahiz eta bi hilabete funtzionamenduan eman, asteazken egin da Agustinak Zentroaren inaugurazio ekitaldi ofiziala. Kultur zein sormen industrietako eragileak eta erakundeetako ordezkariak bertaratu dira, horien artean eskualdeko lau alkateak eta Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua. Oarsoaldean kultur eta sormen-industrietako proiektuak sustatzeko gune berria ezagutzeko aukera izan dute.

Aizpea Otaegik, Errenteriako alkateak, adierazi duenez, Agustinak Zentroa ekosistema zabalago baten parte da, “kulturarekin eta sormenarekin Errenteriak eta Oarsoaldeak duten konpromisoaren adierazgarri, eraldaketarako eta garapenerako ekonomikorako motore gisa”.

Tresnak eta baliabideak

Zentzu horretan Agustinak Zentroa mugarria izango dela adierazi du, sortzaileentzako tresna eta baliabide erabilgarriak eskainiz, eremu sozioekonomikoan sektorearen lehiakortasuna eta ahalduntzea ekarriko dituelarik.

Esti Susperregik, Zentroaren zuzendariak; Bingen Zupiria sailburuak eta dagoeneko Zentroan lanean dabiltzan ekintzaile eta hainbat elkartetako ordezkariek hartu dute hitza. Hauek Zentroak eman dien babesa eta hazteko aukera nabarmendu dute.