Oiartzungo Donibane kaleko bizilagun talde batek San Juan Kaleko jaiak berreskuratu ditu ia 50 urte eta gero. Hilaren 22rako egun osoko egitaraua prestatu dute. Antolatu dituzten ekitaldien artean aintzinekoak, garai hartari keinu bat egiteko, eta berriak egongo dira. Moldatu behar izan direnak ere badaude, adibidez, zinta lasterketa astoekin egin beharrean, bizikletekin egingo da.
1972an ospatu ziren azkenengo jaiak, eta adineko bizilagun batzuk diotenez, herriko festak, xanistebanak, baino garrantzitsuagoak ziren, sariak potenteagoak zirelako. Dirudienez, bermuteoan euskal kantak abesteagatik frankismoak jai hauek debekatu zituen, baina ezer ziurrik ez dago.
“Oso informazio gutxi dago jai hauen inguruan, mamu bat izan baziren bezala ematen du”, dio jai hauen antolakuntzako kide batek. Duela bi urte jakin zuten jai hauek existitu izan zirela Oiartzungo Ondare Mahaiari esker, baina, esan bezala, informazioa biltzea oso zaila izan zaie. Argazki bakar bat, azken urteko egitaraua, orduan asteburu oso bat irauten zuten, eta festa horiek antolatzeko baimen sinaturik besterik ez dute aurkitu.
Bost pertsona lanean
Jai hauek berreskuratzeko lanean bost pertsona ibili dira. “Kale txikia da, baina laguntzeko prest dauden pertsona asko aurkitu ditugu eta kaleko eta inguruko jende helduarekin harremanak sendotzeko balio izan digu”, adierazi dute.
Izan ere, jaiak antolatzeko eta garaiko ekitaldiak ezagutzeko adineko pertsonekin izan dituzten elkarrizketengandik izan dute berri. “Helduei ilusio handia egiten die jai hauek berriro antolatzea oso oroi-tzapen onak dituztelako”, ziurtatu dute antolatzaileek. “Ez da jai hauen transmisiorik egon”, gaineratu dute antolatzaileek.
Egitaraua
Hilaren 22an, beraz, ekitaldiak 10.00etan hasiko dira Oidultzen taldearen diana batekin.
Herriko historia eta ondarea ezugutzeko aukera egongo da 11.00etan San Joan kaperara antolatu den bisita gidatuarekin. Elena Zalakain historialariak gidatuko du.
Ordu berean beste bi hitzordu egongo dira: neska gazteen pilota partidak, Kontzejupean, eta mutxikoak, Donibane kalean.
Beste ekitaldiek irauten duten bitartean, kaleko hamar etxeen izena daramaten egurrezko plaken banaketa egingo da. Kalean hamar etxe daude eta egurrezko xafla bana emango diote bakoitzari bere izen historikoarekin. Eguzkilore batek apaindituko ditu xafla hauek.
13.00etan kaleko bikote zahar bat omenduko dute, dantzari gazteen eskutik. Urtero omenaldi bat edo aintzatespen bat egin nahi dute. Aurten betidanik kale horretan bizi izan den bikote heldu bat omenduko dute.
13.30ean, bermuteoa berreskuratuko dute abestuz. Liburuxka ba-tzuk banatuko dituzte betiko abestiekin. Gogorazi duetenez, aintzineko San Juan kaleko festetan gaur egun existitzen ez den taberna batean burutzen zen ekitaldi hau.
Arratsaldean pintxoa oparituko dute Mirenen, eta inguruko establezimenduek emandako hamaika sariren zozketa egingo da. Aurretik salduko dituzten zapiekin batera emango dute zenbakia.
17.00etan, June Galardiren kontzertua izango da eta 18.30ean, Zurrounken emanaldia.
Gainera, egun osoan zehar, kaleko argazki zaharrak ikusteko aukera egongo da Miren tabernan, Maritxu arrandegian eta kaleko paretetan. Musika eta giroa ez dira faltako.
Oiartzunen xanistebanak eta auzoetako festak ospatzen ziren orain arte eta hemendik aurrera San Juan kalekoak antolatuko dira ere.
Jai hauen berreskurapenaren inguruko informazioa duela hilabete bat zabaltzen hasi ziren sare sozialen bidez. Sara Montielen pelikula batetaz baliatu ziren, non artistari proposatzen dioten Oiartzungo jaietara joatea. Bideo horretan, Donostiaz gain Oiartzungo erdiguneko kaleak azaltzen dira. “Xanistebanetaz hitz egiten zutela uste dugu, baina guk gure jaien berri emateko baliatu dugu eta asko gustatu da”, esan dute antolatzaileek.
San Juan sua
San Juan Kaleko festak amaitzean, datorren igandean, udako solstizioa ospatuko da. Ohi bezala, eremu publikoetan sua pizteko ezinbestekoa izango da udaletxean eskaera egitea. Tokiaren egokitasuna aztertu eta ingurumenaren, pertsonen eta ondasunen segurtasuna bermatuko dela ziurtatuko du hartara Udalak.
Ekainaren 19a izango da eskaerak aurkezteko azken eguna. Egoitza elektronikoaren bidez edo udaletxean bertan egin daiteke.