2022ko urrian Usurbilen turismo eredu propio bat garatzeko proiektua aurkeztu zen. Azken urtean, nagusiki, Usurbilek euskal kultura eta artearekin duen harremana eta lotura erakutsi da Usurbil Museo Irekia bisitaren bidez eta Jose Luis Zumetaren frontoi atzeko muralaren 50. urteurrenaren harira antolatutako egitarauaren bidez. Hortaz, iaz eta aurten egindako bi erakusketak kontuan izanda, 3.000 pertsona inguru etorri dira herrira.

Zumeta Arte Estudioa

Iratxe Begiristain zinegotziak aste honetan egindako aurkezpenean gogorazi zuenez, era askotako bisita gidatuak eskaini dira, muralaren kontserbazio lanei lotuta, erakusketekin lotuta, Xumetik herri jaialdiari lotuta, Zumeta Arte Estudioarekin edo Chillida Lekurekin lotuta.

Guztira, 60 bisita gidatu eskaini dira, eta 468 lagunek parte hartu dute horietan. Talde-bisitak ere antolatu dira, eta horietan adin ezberdinetako 213 pertsonak parte hartu dute. Hala, batetik edo bestetik, azken urtean 700 pertsona inguru gerturatu dira Usurbil Museo Irekiaren eskaintza ezagutzera. Nagusiki, Gipuzkoatik etorri dira bisitariak, eta baten batzuk Bizkaitik eta Nafarroatik ere etorri dira. “Beraz, lehen urtebete honen balorazio ezin hobea egiten dugu: uste dugu proiektuak harrera bikaina izan duela, bai usurbildarren aldetik, bai kanpokoen aldetik ere”, Begiristainen esanetan.

Horiek horrela, Usurbilgo identitatean, baloreetan, ondarean eta proiektu eraldatzaileetan oinarritutako eskaintza turistikoa sakondu eta zabaldu nahi dute datozen hilabeteei begira.

Orain arte, 650 Usurbil Bizi proiektuaren bidez, kaleko artelanak erakusten dituen Usurbil Museo Irekia izeneko bisita gidatua eskaini izan da. Alabaina, hemendik aurrera beste hiru bisita gidatu eskainiko dira: Zero Zabor, Zaintza eta elizako kultur ondarearena.

Zero Zabor bisiten bidez, partaideek Usurbilgo hondakinen kudeaketa ezagutzeko aukera izango dute; Zaintzaren bisiten bidez, Usurbilgo zaintza ereduaren edukiak ezagutuko dituzte, baita Txirikorda eta Egurtzegi ere; elizako bisitetan, organoa, erlojua, kanpandorrea zein eraikina bera ezagutuko dituzte.

Izatez, Udalak hainbatetan egin izan ditu hondakinen eta zaintzaren inguruko bisitak, eskaerak iritsi ahala, batez ere beste instituzio batzuetako ordezkariekin.

Ines Azpiazuk, 650 Usurbil Biziren dinamizatzaileak, azaldu zuenez, hemendik aurrera, bisita horiek hilean behin eskainiko dira, eta 650 Usurbil Biziren webgunearen bitartez erreserbatu beharko dira. Hilabeteko azken ostegunetan Zero Zabor bisita burutuko da eta azken ostiraletan, Zaintzarena. Norbanakoentzako lehenengo bisitak, hortaz, datorren astean hasiko dira. Talderen batek behar bereziren bat izatekotan, gainera, euren beharretara moldatzeko aukera dago.

Usurbil 1936 elkartea

Prentsaurrekoan gogoratu zutenez, aurten Usurbil 1936 elkarteak oroimen historikoari lotutako ibilbidea osatu du Andatzan: hainbat panel eta QR kode jarri dituzte, eta nork bere kabuz egin dezake. Udala eta elkartea elkarlanean aritu dira lan horiek egin ahal izateko.

Horrez gain, bisita bereziak antolatzen jarraituko dute, noizean behin. Esaterako, Zumeta Arte Estudioa ezagutzeko aukera eskainita. Aurten, adibidez, Eduardo Chillidaren mendeurrena dela eta, zenbait bisita berezi eskaini dira, eta beste data baten berri eman dute prentsaurrekoan: Usurbilgo Museo Irekia eta Chillida Leku batuko dituzte, bisita gidatuan, ekainaren 23an.

Bezperan, ekainaren 22an, elizako kultur ondarea ezagutzeko lehenengo bisita egingo dute, eta Joan Luis Atxegak organo erakustaldia egingo du. Horrez gain, Zumeta Arte Estudioa ezagutzeko data berri bat ere jarri dute, uztailaren 7an.

Bisiten egutegi eguneratua 650 Usurbil Biziren webgunean aurki daiteke, eta taldeko bisitak ere eska daitezke, turismoa@650usurbilbizi.eus helbidera idatzita.

Prentsaurrekoan gogorarazi zutenez, nork bere kabuz egin ditzake bisita gidatuak 650 Usurbil Biziren smartphoneetarako aplikazioaren bitartez, eta erreserbak egiteko aukera ere ematen du.

Begiristain zinegotziak nabarmendu zuenez, 650 Usurbil Bizirena “ohiko eskaintza turistikotik bereiziko den zerbait bilatzen duten bisitarientzat” eginiko eskaintza da. “Uste dugu turismoa mundu hobe baten aldeko tresna eraldatzailea izan daitekeela. Turismoak albo-kalte eta zalantza ugari sortzen ditu, baina sinistuta gaude bestelako baloreak zabaltzeko, gauzak egiteko modu berritzaileak erakusteko eta gizarte eredu berri bat proiektatzeko erakusleihoa izan daitekeela”, azaldu zuen zinegotziak.