Oiartzungo Udalak larunbatean irekiko du udako igerilekua. Hiru hilabetez egongo da zabalik, ekainaren 15etik irailaren 15era (biak barne). Abuztuaren 3an izan ezik, Xanisteban eguna delako, egunero emango du zerbitzua.

Ekaina, abuztua eta irailean 11.00etatik 20.00etara hartu ahal izango da bainua. Ohi bezala, uztailean ordutegi zabalagoa izango du: 10.00etatik 21.00etara.

Udalak azpimarratu duenez, bertako belarra mozteko zerbitzua indartu du aurten, etzanda lasai eta eroso egoteko. Astero ebakiko dute.

Zerbitzuaz disfrutatzeko, Elorsoro kiroldegiko bazkideek ez dute sarrerarik ordaindu beharko, urteko kuotan jasota baitago udako igerilekuko zerbitzua.

Gainerakoek, denboraldiko txartela ateratzeko edota eguneko sarrera erosteko aukera izango dute.

Hauek dira denboraldiko bonuaren prezioak: familiakoa 138,21€ (gurasobakarreko familiek edo familia ugariek 96,75€); helduen banakakoa 103,68€ eta gazteen banakakoa 69,16€. Egunekoaren prezioa 4,49€ izango da 16 urtetik beherakoentzat (bost urtez behekoak doan izango dute) eta 8,87€ 16 urte edo gehiago dituztenentzat. Sarrerak bosnaka erosteko aukera izango da: 17,80€ gazteek eta 35,34€ helduek.