Ikasturtean zehar Oarsoaldean Eskola Kirolera joateko mugikortasun jasangarriko bitartekoak erabili dituzten ikastetxe eta ikasleak saritu zituzten ostiralean Errenteriako Bizarain ikastolan egindako ekitaldi batean.

6.500 desplazamendu berde

2023-2024 denboraldian, jakitera eman zutenez, 6.500 desplazamendu berde izan dituzte (oinez, txirrindaz, garraio publikoan edo kotxea elkarbanatuz) eta desplazamendu guztien %46,18 suposatzen du.

Bizikletaren erabilerari dagokionez, eskualdeko hamaika ikastetxeetako 442 ikasle izan dira urtean zehar gutxienez desplazamendu bat bizikletaz egindakoak (iaz baino 42 gehiago) eta %31,5 suposatzen du.

Zozketa

Ekimen honen suspertzaileek aditzera eman zutenez, “haurrak larunbatero alde batera eta bestera txirrindaz desplazatzen ikustea normalizatu egin da”.

Ostiraleko ekitaldian sari banaketa egin zen. Horrela bizikleta hartu zuten 442 ikasle guztiek txirrindarentzat osagai bat jaso zuten opari-tzat eta guztien artean bizikleta bat zozkatu zen. Sariduna Lezo Herri Eskolako Danel Martin izan zen.

Gainera, bizikletan desplazamendu gehien egin dituen ikasleari patinete bat oparitu zitzaion. Pasaia Lezo Lizeoako Zura Sistiaga izan da aurtengo irabazlea, 20 jardunalditara joan baita bizikletaz.

Bizarain

Bestalde, ikastetxeei dagokienez, bizikletan bidai gehien egin dituena Bizarain ikastetxea izanik, bi bizikleta jaso zituen sari moduan. Aldiz, desplazamendu jasangarri gehien egin dituen ikastetxea Koldo Mitxelena izan da eta sari gisa bizikleta bat jaso zuen.

Desplazamendu jasangarrien proiektu hau duela hamar urte jarri zen abian, saioetara joateko gehien erabiltzen zen desplazamendu modua nor bere autoan joatea zela nabarmendu zutenean; hau da, haur bakoitza kotxe batean.