Hernaniko Auzozaintza egitasmoan parte hartzen dutenen osasuna nabarmen hobetu dela frogatu du EHUko ikertzaile talde batek. Ekimena Hernani Burujabe programaren baitako hautatu gabeko bakardade egoera hauskorrari aurre egiteko sortu zen.
Datu oso positiboak
Hernaniko Udalak unibertsitatearekin iaz hitzarmen bat sinatu zuen eragina modu zientifiko batean aztertzeko. Datuak oso positiboak izan dira eta ostegun honetan aurkeztu zituzten ikerketaren lehen emaitzak.
Murrizketa handia
EHUko ikertzaile Amaia Maquibarrek adierazi zuenez, programan parte hartu dutenen osasunaren bilakaera neurtu ahal izan dute, zenbait alderditan izandako aldaketak aztertuz: “Zentzu horretan, programan sei hilabetez parte hartu ondoren, bakardade sentimendua nabarmen jaitsi zela eta parte-hartzaileen osasun mentala ere nabarmen hobetu zela ikusi genuen”. Konkretuki, antsietatea eta depresioaren murrizketa handia izan da.
Gainera, jasotako datuek parte-hartzaileek hautemandako osasun egoera oro har hobetu egin dela adierazten dute eta horrek bat egiten du lehen mailako arretako kontsultetara egindako bisiten apaltzearekin.
Zenbakietatik harago ere neurtu nahi izan dute Auzozaintza programaren eragina erabiltzaileengan. Horretarako, parte-hartzaileekin talde elkarrizketak egin dituzte. “Horrela ikusi dugu, adibidez, Auzozaintzan parte hartzean, bizitza hobera aldatu diela sentitzen dutela emakumeek, eta hala diotela ere haien senideek zein lehen mailako arretako mediku eta espezialistek”, aipatu zuen ikertzaileak.
Amaitzeko, Auzozaintzak auzorako ere onurak dakartzala egiaztatu dute, gizarte kohesioa hobetu dela ikusi dutelako. Alegia, emakumeak, programaren onuradun izatetik, euren auzoetako osasun aktiboak izatera igaro dira.