Julen Izagirre zumarragarrak irabazi du Zumarragako Santa Isabel jaietako egitarauko azala aukeratzeko lehiaketa. Sari banaketa asteazken honetan egin zuten. Ekitaldian Mikel Serrano alkateak parte hartu zuen.
Garailea
Izagirrek Noticias de Gipuzkoa egunkarian lan egiten du eta makina bat aldiz irabazi du lehiaketa hau. Baita Urretxuko jaietakoa ere. Diseinu garbiak atsegin ditu eta oraingoan ere horrelako batekin irabazi du lehiaketa. Ezpata dantzariek eta txistulariek erabiltzen dituzten txapel gorrietako bat eskatu zuen eta modelo bati argazkia atera zion.
Azaleko protagonista txapela da. Azpialdean txapela ageri da eta gainean Zumarraga. Santa Isabel jaiak 2024 testua. Aurtengo lehiaketara 15 lan aurkeztu dira eta kultur etxeko sarreran ikusgai jarri dituzte.
Izagirrek bi lan aurkeztu ditu lehiaketara. “Urtero, lan bat baino gehiago aurkezten saiatzen naiz. Aurtengo lehiaketara aurkeztu dudan beste lanean ere argazki bat erabili dut, baina saria irabazi duen lana garbiagoa da”, azaldu du.
Lehiaketara aurkeztu diren gainontzeko lanak “oso politak” iruditu zaizkio. “Beste urte batzutan asko gustatu ez zaizkidan lanak ikusi ditut. Aurtengoak oso politak dira, kalitatezkoak”.