Azkeneko osoko bilkuran aho batez hartu zen erabakiaren arabera, Usurbilgo Udalak 850.000 euroko partida bat gordeko du Etxealdia eta Kale Nagusia lotuko dituen igogailua egiteko.

Diru-laguntzak

Azaldu zutenez, 850.000 euro horien zati bat Eusko Jaurlaritzak Udalari aitortutako bi dirulaguntzatatik hartu dute: proiektu hori gauzatzeko 370.000 euroko dirulagun-tza, eta beste bat, 12.750 eurokoa, Etxealdiako irisgarritasun plana osatzeko emandakoa. Gainerakoa, 467.000 euro, diruzaintza gerakinetik bideratu dute.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak udalbatzarrean azaldu zuenez, udal taldeak inbertsio honi aurrerago eusteko asmoa zuen, baina dirulaguntza iritsi denez, aurreratzea erabaki dute.

Izan ere, dirulaguntzak obraren epeei eragiten dieten bi baldintza nagusi ezartzen ditu: batetik, obrak 2024ko azarorako esleituta egon behar dutela, eta, bestetik, 2025a amaitu aurretik obrak gauzatuta egon beharko duela.

Usurbilgo Udala Aitziber Muga

Baina, proiektu honek eragozpen bat du kontuan hartu beharrekoa. Izan ere, igogailua jarri nahi den eremua jabego pribatukoa da, eta, beraz, beharrezkoa izango da desjabetzea. Epeak kontuan izateko beharra nabarmendu zuen EAJk. Solaberrietaren esanetan, bi lanak batera egitea aurreikusi du Udalak: lizitazioa prestatzea eta lurren desjabetzeari ekitea.

Udal taldeak Etxealdiako auzotarrekin batera auzoaren irisgarritasuna hobetzeko plana diseinatu zuen. San Esteban kalearen goiko zatia egokitu eta oinezkotu ostean, bigarren faseak auzoaren beheko aldea txukunduko du. Hirugarren fasea, igogailua litzateke.