Pasaiako gaztetxoek larunbatean auzolanean Trintxerpe garbitzeko deialdia egin dute. Trintxerpeko Gudarien plazan 11.00etan elkartuko dira partaideak. Barrutiko txoko ugari garbitu ondoren, hamaiketakoa antolatu dute parte-hartzaileentzat.
Garbiketa egunera animatuak
Horiek horrela, antolatzaile gazteek barrutiko familia eta herritarrei garbiketa egunean parte hartzera animatzeko deia egin diete.
Pasaiako Udaletik jakitera eman dutenez, ekimen hau Eskubidean izenez ezagutzen den Pasaiako Haur eta Nerabeen Eskubideak Berma-tzeko Planean txertatzen da. Programa honen helburuetako bat da Pasaiako herrian haurren eta nerabeen partaidetza bultzatzea, adingabeak subjektu politiko bihurtzeko asmoz.
Bide horretan, Pasaiako haur eta nerabeen parte-hartzea sustatzeko hainbat elkargune daude Karmengo Ama, Pasaia Lezo Lizeoa eta Anunciata ikastetxeetan. Gune horietan 140 haur eta nerabe inguruk parte hartzen dute. Horri esker, haiek proposatutako gai ezberdin asko lantzeko aukera dago, tartean ingurumenarena.
Teo Alberro Bilbao alkateak pozik eman du ekimenaren berri: “Eskubidean planari esker, haur eta nerabeek proposatutako gai ezberdin asko lantzeko aukera dugu Udalean, eta, jakina, horrek aukera ematen die haiei ere proposatzen dituzten gaiak lantzeko eta horiei buruzko bizipenak izateko”. “Pozgarria da –jarraitu du eledunak– ingurumena hautatu izana eta ingurumenagatik kezka agertu izana”.