Aurreko urteetan bezala, Errenteriako Udalak Madalen jaietarako laguntzaileak kontratatzeko prozesua abian jarri du eta izena emateko epea zabalik dago, ekainaren 10era arte. Hautatuek uztailaren 21etik 25era lan egin beharko dute. Prozesuaren zerrenda Atlantikaldiarako ere erabiliko da.

Errenteriako madalenak Arnaitz Rubio

Izena emateko epea zabalik

Bete beharreko baldintzak hauek dira, besteak beste: 18 urte beteak edukitzea kontratuaren hasierako datan; langabezian egotea kontratuaren hasierako datan; eskola ziurtagiria edota maila altuagoko titulazio akademiko baten jabe izatea; eta euskaraz elkarrizketa bat izateko gauza izatea. Eskakizun hau betetzeko xedez, hautatuak suertatzen diren pertsonak deituak izango dira udal euskaltegian elkarrizketa bat edukitzeko. Ez dute azterketarik egin beharko 2. hizkuntza eskakizuna edo baliokidea egiaztatua dutenek (2012tik 2023ko deialdietan lortutakoa).

Lehentasuna izango dute Errenterian gutxienez hiru hilabete erroldatuta daramatenek.

Aurten, berritasun gisa, eskabideak telematikoki aurkeztu behar dira, Errenteriako Udalaren erregistro elektronikoaren bidez.

Zozketa ekainaren 20ean burutuko da, eta emaitza udal web orrian eta iragarki oholtzan argitaratuko da.