Xabier Ormazabal mendi festa prestatu dute Urretxun
Eskalatzeko aukera izango da, eskalada eskolen lehiaketa egingo dute eta bekaren irabazlearen berri emango da
Larunbat honetan Xabier Ormazabal mendi festa egingo dute Urretxuko Gernikako Arbola Plazan.
Egitaraua
11.00etatik aurrera, txikienek mendiarekin eta eskaladarekin lotutako hainbat jolas izango dituzte. Besteak beste, plaza osoa gurutzatuko duen tirolina ikusgarria. Urteroko moduan, nahi duten guztiek eskalatzeko aukera izango dute. Gainera, Menditonbola goiz osoan egongo da zabalik. Sari garrantzitsuak banatuko ditu. Eta izozkiak eta Sua argitaletxearen liburuak erosteko aukera egongo da.
Musika eta janari goxoa
14.00etan, paella jana egingo dute plazako karpan. Helduek bazkalondoaz gozatzen duten bitartean, haurrek eta gaztetxoek aire libreko zine emanaldia izango dute. 17.00etan Karlos Aretxabaletak Haitzak eta izarrak liburua aurkeztuko du. 18.00etan eskalada desafioa hasiko da. Araotz, Etxauri, Atxarte eta Kanpezuko eskalatzaileak lehiatuko dira. Alex Txikon eta Josean Mulas izango dira aurkezleak.
Proba bukatutakoan, eta luntx txiki baten ondoren, 20.30ak aldera, bertan daudenek Xabier Ormazabal bekaren irabazlearen izena ezagutuko dute. Jarraian, Jon Plazaola urretxuarrak bakarrizketa bat eskainiko du. Bukatzeko, bi dokumental emango dituzte.