Pasaia-Lezo Lizeoak igandean, maiatzaren 26an, Lizeo Eguna ospatuko du. Egun osoko egitaraua prestatu da eta ekitaldiak Pasai Donibaneko eraikin nagusian burutuko dira.

Haur Hezkuntza

Ikuskizun nagusian, Ur bizia izenburua duena, Haur Hezkuntzako, LH2ko, LH4ko, LH6ko eta DBHko ikasleek parte hartuko dute. Gotzon Poza ikasle ohiak atondutako koreografiak ikasten aritu dira ikasleak azken asteetan. Goiko pistan eta beheko pistan eskainiko dituzte dantzak.

Pasaia-Lezo Lizeoa

Ohi bezala, emanaldiak bukatuta, omenaldiak hasiko dira. Batetik, 1988ko promozioko ikasleak gonbidatu dituzte, eta bestetik, aurten Lizeoan beren ibilbidea bukatuko duten neska-mutilei agur esango diete. Gainera, ikasturte honetan erretiroa hartuko duten hiru langileei ere merezitako omenaldia eskainiko diete.

Bisita gidatuak

Azpimarratu dutenez, Lizeo Egunean, berrikuntza moduan, ikasturte honetan bizia hartzen ari den urmaela ezagutzeko bisita gidatuak antolatu dituzte.

Haurren eta helduen bazkarien ostean, bingo musikatuarekin bukatuko dute eguna.

Ikastolako komunitateko jende asko etortzea aurreikusten denez, ikasleek margotutako bi ibilbide daude: tanta urdinek abiapuntua goiko pistatik dela adieraziko dute, berdeek, aldiz, beheko pistatik igaro behar dela esaten dute.