Iker Elduaienek idatzitako Juicio de valor lana estreinatu zuen La Salle-Legazpi ikastetxeko Arco Iris antzerki taldeak pasa den ostiralean Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Ostiral honetan bere bigarren saioa eskainiko dute: 20.15ean, toki berean. Joan zen ostiraleko saioa Proyde-Proega Gobernuz Kanpoko Erakundearen alde izan zen eta ostiral honetakoa Anabel Santamaria fundazioaren alde.

Opera prima

'Juicio de valor' Elduaienek idatzi duen lehen antzezlana da. La Salle-Legazpin egin zituen oinarrizko ikasketak eta egun Kazetaritzako laugarren maila ikasten ari da. La Salle-Legazpin izan zuen lehen hartu-emana antzerkiarekin. “Urtero musikal bat egiten dugu eta nire adinekook Sister act egin genuen. Urtero, Arco Iris taldekoak La Salle-Legazpiko ikasleen antzerki saiora joaten dira talentu berrien bila, nire lana asko gustatu zitzaien eta beraiekin aritzea proposatu zidaten. Baiezkoa eman nien eta ordutik, 2016tik, Arco Iris taldeko kidea naiz”.

Zumarragako Zelai Arizti kultur etxea. Asier Zaldua

Talde horrek antzerkigile ospetsuen lanak antzeztu ohi ditu, baina aurten Elduaienek idatzitako lan bat antzeztu dute. “Iaz gauza ezberdinak idazten hasi nintzen eta pixkanaka antzezlan forma hartu zuten. Iraila-urrian urteroko antzerki saioa prestatzen hasten gara eta nik ida-tzitakoa antzeztea proposatu nien”.

Misterioa eta umorea

Antzezlanak misterioa eta umorea uztartzen ditu. “Nire esentzia duela diote. Zinea asko gustatzen zait eta niretzat erreferenteak diren lanetako gauzak hartu ditut: Agatha Christie-ren Diez negritos, Alex de la Iglesiaren La comunidad, Las chicas de oro telesaila… Jauregi batean hilketa bat gertatu da eta ikertzaile bati deitu diote. Sherlock Holmes-en eta Agatha Christie-ren istorioen ukitua du, baina txisteek gaurkotasuna dute”.