Urtero bezala, aurten ere herritarren parte hartze zabala espero dute larunbatean Otsabio kirol taldeak Lizartzan egingo duen ospakizunean. Antolatzaileek azaldu dutenez, “naturaz disfrutatuz, bazkaritxo bat lagunartean eginez eta mahai ondorengo solasaldi edota jokoetan ondo pasatuz” igaroko dute eguna.

Egitaraua

Festa eguneko egitaraua hasteko, herritarrek mendian igaroko dute goiza eta bi ibilbide izango dituzte aukeran. Batetik, hamahiru kilometroko ibilbide luzea izango da. Herriko plazatik abiatuko dira 10.00etan, eta Batza eta Zakar mendietatik igaro ostean, Goltzurko zelaian emango diote amaiera. Bestetik, 3,4 kilometroko ibilbide motza ere egin ahalko dute. 11.30etan emango diote hasiera bigarren honi, eta hauek Narbaitzu eta Orexatik igaroko dira. Bi ibilbideak 13.30etan amaitzea aurreikusten dute antolatzaileek. Bestalde, haur eta gazteen herri kirol saioa izango da, 12.30etan.

Lanak amaituta, bazkaria egingo dute 14.30etan, eta dagoeneko zabalik da txartelak erosteko aukera. Helduen txartelek 20 euroko prezioa izango dute, eta haurrenak, berriz, hamar eurokoa. Antolatzaileek azaldu dutenaren arabera, “2007az geroztik jaiotakoak dira haurrak”. Euria eginez gero, bazkaria frontoian egingo da. Arratsaldean ere festak ez du etenik izango, eta 16.00etatik aurrera museko eta tokako txapelketak egingo dituzte. Egunean zehar Otsabio Kirol Elkarteko kirol arropa erosteko aukera ere izango da. “Festa giroan” ospatzeko eguna dela baieztatu dute antolatzaileek, eta, hori dela eta, herritarrei ekintzetan parte hartzeko deia luzatu nahi izan diete.