Enpresei erasoak saihesteko edota dagoeneko zibererasoak jaso dituzten enpresei kalteak arintzeko helburuarekin, Ugle lanbide eskolak jende formatu nahi du. Gauzak horrela, zibersegurtasun masterra egiteko aukera eskainiko du datorren ikasturtean, industriari bideratuta.
Masterra ostiral goizean aurkeztu zuten Ugleko laborategian. Ekitaldian Xabier Arratibel Ugle fundazioko zuzendariak, Gorka Iturzaeta Ugleko zuzendariak eta Dani Diaz Ikerketa eta Garapen saileko kideak parte hartu zuten.
Arratibelek Ugleren eskaintza Urola Garaiaren eta bertako enpresen beharretara egokitua dagoela gogoratu zuen. Iturzaetak Urola Garaian erronka ezberdinak daudela gehitu zuen. “Horietako bat espezializazioa da. Hala, espezializazio ikastaroak eskaintzen ditugu. Espezializazio horiek lanbide heziketako masterrak dira”, aipatu zuen.
Iaz fabrikazio adimentsu masterra eskaini zuten eta datorren ikasturtean, berriz, zibersegurtasunari buruzkoa eskainiko dute. Industria alorrari lotutako zibersegurtasuna, hain zuzen ere. Urtebeteko ikastaroa izango da. Eskolan teoria eta praktika landuko dituzte eta ondoren enpresan landu ahal izango dute.
Garrantzitsua
Diazek zibersegurtasunaren garrantzia azpimarratu zuen. “Zibersegurtasuna oso garrantzitsua da industrian ere. Zerbitzuak eta prozesuak babestu behar dira. Makina guztiak sarean daude eta masterrean makinak hacker-en erasoetatik babesten irakatsiko dugu. Baita eraso bat egon denean zer gertatu den ulertzen ere: erasoa nondik heldu den eta zer egin behar den berriro gerta ez dadin. Eta erasotutako makina lehenbailehen martxan jartzen, ahalik eta merkeen. Egun, makinak edozein tokitatik ikusi eta kontrolatu ditzakegu, baina edozein tokitatik eraso daitezke”, aipatu zuen Ikerketa eta Garapen saileko kideak.
Bukatzeko, Arratibelek Ugleko ikasleak enpresetan proiektuak martxan jartzeko prestatzen dituztela esan zuen. “Gure metodologia erronketan oinarrituta dago. Proiektuak garatuz ikasten dute. Eta proiektu horiek enpresetan ezarri daitezke. Enpresak halako ikasleak hartzeko prestatu behar dira. Ugleko Ikerketa eta Garapen sailak enpresei proiektuak gara-tzeko laguntza ematen die”.