Datorren maiatzaren 18an, beste urte betez, Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoko sarrera doakoa izango da. Izan ere, Museoen Nazioarteko Egunarekin bat egingo du. Gainera, eraikinaren kanpoaldean panel interaktiboak jarriko dira, XIX. mendeko pertsonaia garrantzitsuak irudikatuko dituztenak.
Arratsaldean, haurrei zuzendutako jarduera berezi baten txanda izango da. Izan ere, Zumalakarregi Museoak kulturaz busti nahi ditu haurrak. Etxeko gazteenek Ormaiztegiko Iriarte Erdiko baserria (gaur egun Zumalakarregi Museoa) eta bere lorategia ezagutuko dituzte testura ezberdinak landuz. Baserrian eta lorategian ezagutuko dituzten testura horiek oihalezko poltsa batean islatzeko aukera izango dute, pinturak erabiliz.
Azken hilabeteetan lorategiak aldaketak jasan ditu, XIX. mendeko lorategiaren antzeko itxura hartu zezan. “Lorategi berri honek dituen testurak familian ezagutzeko aukera aparta da tailerra”, azaldu du Zumalakarregi Museoak.
Tailerra arratsaldeko 16.30ean hasiko da eta bi orduko iraupena izango du. Urretxuko Kotoi Paperdendako Sandra Rodríguez izango da saioa gidatuko duen pertsona. Rodríguez animatzaile soziokulturala eta turistikoa da.
Tailerra 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzenduta dago eta 5,5 euroko kostua du. Parte hartu nahi duten pertsonek izena eman behar dute aldez aurretik mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita.
Saio honen bitartez ere, Zumalakarregi Museoaren 35. urteurrena ospatuko da. Ormaiztegiko museoak 1989ko maiatzean ireki baitzituen ateak. Gaur egun Zumalakarregi Museoa eraikin historikoa eta herriaren ondarea da.