Asteburuan jai giroan murgilduko da Lezo, Mendekoste jaiak baitatoz. Hiru egunetako egitarauan 32 ekintza egongo dira adin eta gustu guztietarako.

Ohi bezala, Portutik iritsiko den Zabarreren etorrerarekin eta pirata txikien pregoiarekin hasiko dira festak. Eta une hori koloretsuago izan dadin, plazaratzen direnak pirataz jantzita etortzeko deia luzatu zuten udal agintariek egindako aurkezpenean.

Festa giroa pizturik, Jon Legorburuk, Kultura zinegotziak, azpibatzordeak proposatu dituen hainbat ekitaldi azpimarratu zituen: Gurutze Santuaren plazan larunbatean egingo den Aiton Bordaren flashmob-a, buruhaundi eta erraldoien kalejira, herri kirol talde mistoen arteko lehia, herriko pilota eskolak prestaturiko jarduera berezia eta gazteenei zuzenduriko bi kontzertu: Raimundo el Canastero eta Etxepe.

Afari autokudeatua ere izango da aurten, Xanti Valek, Kultura teknikariak azaldu zuenez, “gure festetako ikurretako bat da. Gozamena da, Zabarreren iritsiera eta gero, 500 haur eta gazte baino gehiago bere ogitartekoa eskutan hartu eta plazan festa planak egiten elkarrekin afaltzen ikustea”.

Aurtengo festetako programazioa, beraz, bete-betea dator. Esan bezala 32 ekitaldi antolatu dira eta Lezoko alkateak, Mikel Arrutik, azpimarratu zuen moduan, “oso programa herrikoia da, gero eta eragile gehiago direlako edukiak proposatzen parte hartzen dutenak. Udala oso pozik dago herritarrek izan duten jarrera proaktiboarekin”.

Programa hau osatzen 20 bat eragilek parte hartu dute: Aiton Borda, Altzate, Arkirun Pilota Kluba, EAJ/PNV, Gaxuxa Emakume Taldea, Gotti Gazte Elkartea, Haurtxo Haur Eskola, Hezikuntza elkartea, Ixkulin elkartea, Lezo Herri Eskola, Lezo Institutua, Lezoko Euskal Dantzazaleak, Lezoko Eztandak, Murixka Dantza Taldea, Oroitzene AEK, Pasaia-Lezo Lizeoa eta gurasoak, Tiñelu elkartea eta Zabarre taldea.

Puntu morea

Udalak, bestetan egin duen legez, puntu morea jarriko du Piku kalean eta telefono zenbaki bat (688 696 204) zabaldu edozein gertaera salatu ahal izateko. Etxez etxe banatu duten Mendekosteak 2024 programarekin batera, zenbaki horren pegatina ere bidali da.

Alkateak aditzera eman zuenez, “dei egiten dugu jai euskaldunak izan daitezen, parekideak, jasangarriak eta, batez ere, eraso matxistarik gabeak”.