Baserritarren patroiaren eguna ospatzen da gaur, San Isidro Eguna. Lehenengo sektorean lan egiten duten gizon eta emakumeei esker ona adierazteko hainbat ekitaldi antolatu dira goizean Buruntzaldea eskualdean, Astigarragan, Hernanin eta Urnietan.

Astigarragari dagokionez, 9.30ean Estanga anai-arreba trikitilariak hasiko dira kaleak girotzen. 10.00etan, ohi bezala, prozesioa eta meza egongo dira eta amaitzerakoan, 11.00etan, hamaiketakoa egongo da Gure Izarra elkartean.

Ondoren, Foru Plazan, 12.15ean idi demak hasiko dira. Ipiñarrieta eta Aranbarri idijabeen plazaratu gabeko idiekin lehiaketa da. 1.640 kiloko Atxitxe harria garraiatuko dute, pisu librean eta 30 minututan.

13.00etan Sebastian Lizasok eta Andoni Egañak bertsoz beteko dute plaza eta amaitzeko, 14.30ean herri bazkaria egongo da Elione baserriari merezitako esker ona emateko.

Elione baserria Astigarragan baserri bezala eraikitako azkenetarikoa da, 1905ean sortu baitzen. Bentas auzorako errepidearen parean dago. Bi etxebizitzez osatutako baserria bi oineko eraikuntza da, bakoitzak 140 metro karratu dituena. Beheko oinean, baserriarekin zerikusia duten jarduerak gauzatzen dituzte. Lehen oinean etxebizitza dute. Baserriaren ondoan, ukuilua, belar biltegia eta baserriko tresnak (traktorea eta sega-makina, besteak beste) gordetzeko lokala dituzte.

Elione baserriak dituen ustiapen jarduerarik nagusienak abeltzain-tza eta sagardogintza dira.

Inaxio eta Pilar harro daude baserrian egindako ibilbideaz. Biek baserritik kanpoko lanari heldu behar izan badiote ere, sentimenduz eta ohore handiz egin dute bizitza baserrian. Beraz, familiari esker ona adierazteko gaur Baserri bizia izeneko oroigarria emango zaie.

Hernanin, egitaraua antzekoa izango da. 11.00etan meza hasiko da San Joan Bataiatzailearen elizan. 11.30ean emakumezkoen goi mailako pala partida ikusteko aukera egongo da frontoian Irazustabarrena-Galdos eta Macicior-Mendizabal bikoteen artean.

Ondoren, Arkaizpe baserriari omenaldia egingo zaio eta bertsolarien emanaldia egongo da. Euria egingo balu, omenaldia udaketxeko arkupeetan egingo litzateke.

Jarraian, gizonezkoen goi mailako eskuz binaka partida jokatuko da: Manterola-Lizeaga Apaolaza-Altunaren kontra. Amaitzeko, herri kirolen erakustaldia egongo da.

Azkenik, Urnietan meza egongo da goizeko 11.45ean eta hau amaitutakoan hamaiketakoa egingo da Lekaion.