Irurako herrian gaur egun “zaintzaren arloa aztertu eta etorkizunera begira eraiki nahi den zaintza eredua definitzeko” helburuarekin, Irurako Udalak ikerketa beka bat egiteko erabakia hartu zuen joan den martxoaren 21ean ospatu zuen ez ohiko osoko bilkuran,

Laguntzak

Beka honen bitartez Iruran zaintzari dagokionez herritar orok eskura dituen udal mailako baliabideak deskribatu eta hauen erabilerari buruzko analisia egingo dute. Horretaz gain, Udaleko kideek gaineratu dutenez, udal egituratik harago dauden baliabideen deskribapena ere egingo dute eta zaintza arloan irurarrek egun dituzten beharren analisia egin. Horretarako genero ikuspegia aplikatuko dute eta herritarrek dituzten bizipenak eta esperientziak jasoko dira. Zaintza arloan berezkoak diren dimentsioak identifikatuz, etorkizunean egongo diren behar nagusien definizioa egin nahi dute bekarekin.

Herrian zaintza sistema egituratzen duten dimentsio guztiak aztertu eta hemendik abiatuta etorkizunera begira egongo diren beharrak aurreikusi eta guzti hauei erantzuteko, “eredu komunitario, sostengarri eta feminista” eraikitzeko oinarriak finkatu nahi ditu udalak. Beka deialdiaren xedeetan udalak aipatzen duenez, “urte hauetan agerian geratu da indarrean dagoen zaintza sistemaren ahultasuna eta horrek gure gertukoen zein ingurukoen bizitzetan duen eragina”.

Zaintza eredu berri bat

Horregatik, udalak kontsideratzen du beharrezkoa dela pausa bat egin, testuingurua aztertu eta etorkizunera begira zaintza eredu bat eraiki ahal izateko estrategia pentsatzen hastea, eta, baieztatu dutenez, horretarako balioko du azterketak.