Síguenos en redes sociales:

Teknologiaren eta hizkuntzaren bidezko sormena landuko dute Urretxu eta Zumarragako gazteek

Teknologiaren eta hizkuntzaren bidezko sormena landuko dute Urretxu eta Zumarragako gazteekAsier Zaldua

Nerabeei zuzenduta dagoen ikastaro berritzaile bat jarriko dute martxan Urretxun eta Zumarragan. Tekno Hiriko Hiritarrak izena du eta teknologia eta sormena uztartzen ditu.

Lau saio

Bi udalerriek antolatuta, ikastaroak lau saio izango ditu. Maiatzaren 6an, 13an, 20an eta 27an (astelehenak) izango dira. Lau saio horietan, partaideek ordenagailu zaharrei tripak aterata, hiri futurista bat eraikiko dute eta hiri horretako biztanleei historia eta istorioak asmatuko dizkiete. Historia eta istorioak ahotsez grabatuko dituzte eta QR bidez entzun ahalko dituzte ikastaroaren bukaeran bertaratzen direnek.

Alex Gonzalez komunikazioan, irudian eta soinuan aditua eta animatzaile soziokulturala eta Leire Agirre gizarte hezitzailea izango dira ikastaroa dinamizatuko dutenak.

Ikastaroaren bitartez, teknologiarekin jolastuz, euskaraz, Urretxu eta Zumarragako nerabeek ahozko komunikazioa landuko dute. Ikastaroan Lehen Hezkuntzako 6. mailako eta DBH 1 eta 2ko ikasleek parte hartuko dute.

Kultur etxean

Tekno Hiriko Hiritarrak ikastaroa Urretxuko kultur etxeko areto nagusian egingo dute, aurrez aipatutako egunetan, 17.00etatik 19.00etara bitartean. Gehienez ere, 15 lagunek hartu ahalko dute parte.

Izena emateko epea maiatzaren 2ra bitartean dago zabalik, labur.eus/8a1jghelbidean. Ikastaroa doan da. Izena emandakoak 15 baino gehiago balira zozketa egingo litzateke, eta maiatzaren 2an bertan jakinaraziko litzaieke ikastaroan parte hartuko luketen ala ez.