150 urte pasa dira Txirristaka bertsolaria (Eusebio Mugertza Azpiazu) jaio zenetik: 1874ko abenduaren 15ean izan zen, Mendaron. Hori dela eta, In leike kultur elkarteak, herritar talde batek eta Mendaroko Udalak elkarlanean, Andoni Egaña bertsolariaren laguntzarekin, mendaroarrak bertsogintzan egindako lana ezagutarazteko kultur programa bat antolatu dute. Ezarritako helburuen artean Txirristaka bertso-paper lehiaketa berreskuratzea dago.
Guruzpe Kultur Elkarteak antolatu zuen bertso-paper txapelketa 1974. urtean estreinekoz Txirristakaren jaiotzaren 100. urtemuga ospatzeko. Fernando Aire Xalbador (Urepele, 1920-1976) bertsolariaren Jainkoa eta ni bertsoak lortu zuen lehenengo saria. Bigarrena Jean Pier Mendibururentzat izan zen (Heleta, 1948-2022), eta hirugarrena Imanol Lazkanorentzat (Azpeitia, 1936). Aurten berreskuratuko den lehiaketak hiru kategoria izango ditu: A kategoria, 2010ean edo ondoren jaiotakoak, eta Debabarrenekoek bakarrik parte hartu ahal izango dute; B kategoria, 2006 eta 2009 urteen artean jaiotakoek; eta C kategoria, 2005ean eta lehenago jaiotakoek. B eta C kategorietan Euskal Herri osoko bertsozaleek parte hartu ahal izango dute.
Kategoria bakoitzeko bi sari banatuko dituzte: 100 eta 50 euroko kultura bono bi A kategorian; 200 eta 150 euroko bi sari B kategorian; eta 1.000 eta 500 euroko beste bi C kategorian. Lanak aurkezteko azken eguna maiatzaren 31 da. Parte-hartzaileek haien lana eta parte hartzeko datuak aurkeztu beharko dituzte, postaz (Mendaroko Udala. Herriko Enparantza plaza, 1. 20850 Mendaro) edo Udalaren webgunean jarritako formularioa beteta. Informazio gehiago, www.mendaro.eus web orrian.
Ekitaldi gehiago
Baina hau ez da Txirristakaren figura berreskuratzeko izango den ekintza bakarra. Ekainaren 14rako bertsoa eta an-tzerkia uztartuko dituen kaleko performance-a antolatu da Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin. Bestalde, Andoni Egaña bertsolariak eta Ainara Azpiazu Axpi ilustratzaileak irakurle gaztetxoei egokitutako Txirristakari buruzko liburu bat egingo dute. Gainera, Txirristakaren omenezko kontzertua burutuko dute urriak 25ean Mutrikuko, Debako, Elgoibarko eta Mendaroko musika eskolek. Azkenik, abenduaren 15ean, Eusebio Mugertza bertsolaria jaio zen egunez, kantu-bazkaria ospatuko da bere jaioterrian.