Aste honetan bertan, Amasa-Villabonako Ogasun batzordean 2023ko aurrekontuaren likidazioaren berri eman du udaleko kontu hartzaileak, eta, jakinarazi duenez, 862.700 euroko superabitarekin amaitu du udalak iazko ekitaldia. Izan ere, 7.428.700 eurorekin abiatu zuen udal gobernuak 2023ko aurrekontu orokorra, eta urtean zehar egindako kreditu aldaketa eta jasotako diru sarrera berriekin, kopurua 10.410.858 eurotara igo zen, likidazioan agerian geratu denez.
Inbertsioa
Aldi berean, iazko urtean zehar hainbat proiektu gauzatzeko 1.515.900 euro inbertitu zituzten. Udal gobernuak nabarmenenak zerrendatu ditu. Olaederra kiroldegiko teilatuaren birmoldaketa, Larreako parke estalia, espaloiak eta asfaltatze lanak, kale argiteriaren luminaria berriak, Fleming herri eskolako azpiegiturak hobetzeko obrak, eta Arroako eskolako teilatuan jarritako eguzki panelak izan dira 2023an egindako lan esanguratsuenak.
Behin 2023ko kontuak itxita, Amasa-Villabonako Udalak 3.901.600 euro ditu diruzaintzako gerakinean. Kopuru aipagarria da udal ordezkarien ustetan. Batzordean azaldu zutenez, “etorkizunean ez ohiko inbertsio esanguratsuak zuzenean bere baliabide ekonomikoekin finantzatzeko aukera izango du udalak, kreditua eskatu edo zorpetu beharrik gabe”.